single

ARTISTAK

DAVID HELBOCK’S AUSTRIAN SYNDICATE

0

David Helbock (Rhodes, sintetizadoreak), Peter Madsen (pianoa), Raphael Preuschl (baxua, bassukulelea), Herbert Pirker (bateria), Claudio Spieler (perkusioa)

Jazz pianista Peter Madsen estatubatuarrak ibilbide luzea eta arrakastatsua du egina; 40 urte baino gehiago profesional gisa lanean. Bere aurreneko mugarri nabarmena 1987an izan zen, Stan Getzek bere bandan sartu zuenean Estatu Batuetatik eta Europatik bira bat egiteko. Harrezkero, Madsen musikari gailenekin aritu izan da: Benny Golson, Stanley Turrentine, Chris Potter, Joe Lovano, Kenny Garrett, Dewey Redman, Don Cherry, Fred Wesley, Maceo Parker…

2001ean, Madsen denboraldi batzuk New Yorken eta beste batzuk Vorarlbergen (Austria) hasi zen bizitzen. Voralbergen, hain zuzen, David Helbock ezagutu zuen, 16 urte besterik ez zituenean zegoeneko pianorako aparteko talentua erakusten hasia. Hala, Helbocken maisu, mentore eta lagun bihurtu zen Madsen.

Urteak joan ahala, David Helbock austriarra, prestakuntza klasikoa jasotakoa, ospe handiko pianista eta konpositore zeharo interesgarria bilakatu da; ezin konta ahala sari jaso ditu pianista gisa, eta 20 album baino gehiago argitaratu ditu lider gisa.

Austrian Syndicate proiektu berri bat da, handia, David Helbocken bihotzaren barne-barnetik irtendakoa. Bertan elkartu egiten dira ikaslea eta maisua, adiskidetasunak bat eginda, eta Austriako Jazzaren hiru musikari gazte lagun dituztela: Raphael Preuschl eta Herbert Pirker, biak Vienan 20 urtez geroztik kolaborazio eskaera gehien jasotzen duten baxu eta bateria duoa, eta Claudio Spieler, gaztetan Hakim Ludin maisu afganiarrarekin ikasitako perkusionista.

Taldeak 2023aren hasieran grabatuko du bere aurreneko albuma, eta ACT Music zigiluak urtearen erdialdera argitaratuko du. Hala, lan hau izango da Trinitate plazan aurkeztuko digutena; teklatu, sintetizadore, erritmo eta perkusioez gaua blaituko duten bost musikari bikainek emango duten kontzertua.

Web

Instagram

Facebook

Spotify

Austria