single

ARTISTAK

BEN LAMAR GAY

0

Ben Lamar WebBen LaMar Gay (korneta, sintetizadoreak, ahotsa), Ayanna Woods (sintetizadoreak, ahotsa), Will Faber (gitarra, ahotsa), Matt Davis (tuba, ahotsa), Tommaso Moretti (bateria)

Ez dago Ben LaMar Gayren musika mugatzen duen genero musikalik; bakana eta berezia da eta, hala ere, estilo anitzen eragina jasotzen du: abangoardiako Jazza, bluesa, indie rocka, R&Ba, hip-hopa, bossa nova, elektronikoa, funka… Etiketek eta genero musikalek markatutako mugetatik harantz dagoen musika da, esperimentazioz eta abangoardiaz betetako musika, baita sustraiez eta folkloreaz ere. Bere jaioterri Chicagotik abiatuta, planeta osoa barnean hartzen duen musika, Brasil, Alemania, Frantzia, Nigeria, Italia, Polonia… eta beste hainbat lekutatik eraginak jasotzen dituena.

Ben LaMar Gay Chicagoko hegoaldean hazi zen eta A.A.C.M. (Association for the Advancement of Creative Musicians) itzal handiko elkarteko kide zela trebatu zen kornetaren ikaskuntzan. Instrumentu horrez gain, tronpeta jotzen du, eta konpositorea, produktorea eta hezitzailea da. Eszenatokiaren gainean abestu, errezitatu, inprobisatu, eta teklatuak eta sintetizadoreak ere jotzen ditu.

Bere disko batzuk ‒Open Arms to Open Us (2021), Grapes (2018) edo Downtown Castles Can Never Block The Sun (2018)‒ soinuzko paisaiez, collage elektro akustikoez eratuak daude, eta puzzleak osatzen dituzte, non piezek, bakoitza desberdina izanik, irudi bateratu bat osatzen duten kontzeptualki. Disko hunkigarriak, energetikoak, pizgarriak, aldarrikatzaileak, hipnotikoak, ezinbestekoak, bizigarriak, freskoak, iradokitzaileak eta testurez beteak.

Ben LaMar Gay transgresore irudikor bat da, bere bizi-esperientziak bere musikan islatzen dituena: bere haurtzaroko udaldiek, bere izebaren landetxean, Alabaman, markatu egin zuten, baita erakutsi ere erritmoak gure sustraiekin lotzen gaituela; bere bizitza Chicagon, bere prestakuntza jaso zuen hirian; eman zituen hiru urteak Brasilen; bere kolaborazioak Makaya McCraven, Celso Fonseca edo Jaimie Branchekin, lankidetzan aritu den artistetako batzuk bakarrik aipatzearren… Beretzat, belaunaldien arteko mezu bat da musika, erritmoaren bidez transmititu eta oroitzapenak bizirik mantentzen dituena, orainarekin konektatzen gaituena eta etorkizunera proiektatzen dena, munduan dugun lekua ulertzeko giltza.

Facebook Ben LaMar Gay