Bill Frisell (gitarra elektrikoa), Greg Tardy (saxo tenorra, klarinetea, klarinete baxua), Gerald Clayton (pianoa, organoa), Johnathan Blake (bateria)
Bill Frisell gitarrista eta konpositorea Baltimoren jaio zen 1951an. Bere haurtzaroa Denverren igaro zuen, University of Northern Coloradon musika ikasi zuen, eta Berklee College of Musicen, Bostonen, jarraitu zituen ikasketak. Harrezkero, etengabe aritu da jotzen eta konposatzen, eta gitarrista ospetsuenetako bat izateaz gain, musikari moldakorrenetako bat da orain. Gainera, gure garaiko inprobisatzaile berezi eta originaletako bat da.
Frisell artista handiekin aritua da —Charles Lloyd, John Zorn, Paul Motian, Elvis Costello, Paul Simon, Marianne Faithful, Lucinda Williams…— eta askotarikoak dira jaso dituen eraginak —Wes Montgomery, Thelonious Monk, Bob Dylan, Miles Davis, Jimi Hendrix, Paul Motian…—. Hori guztia bere musikan ikusten da islatua, Jazz etiketa jarri ahal izango badiogu ere, a priori bateraezinak diruditen estiloen eraginak jasotzen dituena: country, rock, pop, surf musika, elektroniko atmosferikoa, bluegrass, americana, folk…
Bere gitarra hotsari gardentasun berezia, berezko dotorezia dario; soinu epela du, oso bereizgarria den fraseatze pausatu batekin gehienetan, inolako birtuosismorik erakusteko beharrik gabe. Berezkoa du nota funsgabe bakar bat ere ez jotzeko trebetasun hori, eta, aldi berean. bere musika oinarrizkoa eta konplexua da. Frisellentzat, “melodiari denbora guztian eustea da garrantzizkoa”.
1995eko Jazzaldian izan zen Frisell, Paul Motiani gitarran laguntzen, eta 2021ean bueltatu zen, Trinitate plazan kontzertu ahaztezin bat emateko; bertan joko du berriro oraingo edizio honetan. Gitarrista iparramerikarra bere azkeneko diskoa aurkeztera dator: Four (2022), Blue Note zigiluarekin argitaratzen duen hirugarren lana, Lee Townsendek ekoiztua. Diskoak aurreko piezen berrinterpretazio batzuk eta beste 9 berri biltzen ditu, eta grabatzeko, pandemiaren aldian konposatzen aritu zen melodiez eta ideiez baliatu zen Frisell; gero, oraindik guztiz amaituta ez zituela, aparteko hiru musikariri —Greg Tardy, Gerald Clayton eta Johnathan Blake— aurkeztu zizkien, askatasunez gehi zitzaten beren ekarpenak. Ezohiko talde bat osatzen dute, baxurik gabekoa, eta bertan musikari bakoitzak modu espontaneo batean esku hartzen du, instrumentuetako bakar batek ere protagonismo nabarmen bat hartu gabe. Disko honetako musika flotatzen ari dela dirudi. Entzuten den Jazzak americana eta blues zertzeladak iradokitzen ditu; malenkoniatsua, baina oparoa aldi berean, itxaropen eta alaitasun tarteekin.