single

ARTISTAK

BILL FRISELL TRIO

0

BILL FRISELL 2BILL FRISELL TRIO featuring Thomas Morgan and Rudy Royston

Bill Frisell (gitarra elektrikoa), Thomas Morgan (kontrabaxua), Rudy Royston (bateria)

Bill Frissell gitarrista eta konpositorea Baltimoren jaio zen 1951n, Denverren eman zuen haurtzaroa, University of Northern Colorado-n ikasi zuen musika, eta Bostoneko Berklee College of Music-en jarraitu zituen ikasketak. Harrezkero, gitarrista etengabe aritu da jotzen eta konposatzen, eta gitarristarik ezagunenetako bat eta musikaririk moldakorrenetako bat bilakatu da; gainera, gure garaiko inprobisatzaile berezi eta originalenetako bat da.

Charles Lloyd, John Zorn, Paul Motian, Elvis Costello, Paul Simon, Marianne Faithful, Lucinda Williams… artistekin lan egin du Frisellek, eta eragin oso desberdinak aitortzen ditu, besteak beste, Wes Montgomery, Thelonious Monk, Bob Dylan, Miles Davis, Jimi Hendrix, Paul Motian… Hori guztia bere musikan islatzen da, Jazz gisa etiketatu dezakegun arren, a priori bateraezinak diruditen estiloen eraginak jasotzen baititu: country, rock, pop, surf musika, elektronika atmosferikoa, bluegrass, Americana, folk…

Bere gitarrak argitasun berezi batez, berezko dotorezia batez egiten du soinu; soinu beroa du, betiere fraseatze pausatu bat sumatzen zaiona, oso antzemangarria, birtuosismo-alardeen beharrik gabe. Berezko trebetasuna du funtsik gabeko nota bakar bat ere ez sortzeko. Frisellentzat, “melodia uneoro mantentzea da garrantzitsuena”.

Frissel 1995ean etorri zen Jazzaldira, Paul Motianen gitarrista gisa. Oraingoan, berriz, hirukote baten buru dela dator, Thomas Morganek kontrabaxuan eta Rudy Roystonek baterian lagunduta; musikari horiekin urteak daramatza elkarlanean, eta haiekin grabatu zuen, Lee Townsendek ekoiztuta, Valentine diskoa 2020an.