single

ARTISTAK

Christone “Kingfish” Ingram

0

Kingfish web

Christone ‘Kingfish’ Ingram (ahotsa, gitarra), Paul Rogers (baxua), Eric Robert (teklatuak), Chris Black (bateria)

23 urte besterik ez dituela, Christone “Kingfish” Ingram, blues garaikidearen erreferentzia nagusietako bat da dagoeneko, eta bere merituei esker, genero horren etorkizunerako ezinbesteko piezatzat hartzen dute askok.

Clarksdalen (Mississippi) jaio zen Kingfish, Robert Johnsonek Deabruarekin itun famatua sinatu zuen bidegurutzetik 10 milia eskasetara, elizan kantatzen duen familia batean, musikari garrantzi handia ematen dion batean. Bateria jotzen hasi zen 6 urterekin, gero baxua, eta azkenean iritsi zen bere gitarra maitera. Hasieratik nabarmendu zen gitarra jotzeko moduagatik, eta zuzeneko emanaldiak egiten hasi zen tokiko eszenatokietan. 15 urterekin Etxe Zurian jo zuen Michelle Obamaren aurrean, Delta Blues Museum-eko ikasleen ordezkaritza bateko kide zela; izan ere, museo hori bere jaioterriko erakargarritasun turistiko nagusia da. 16 urterekin zenbait sari lortzen hasi zen eta, oraindik nerabe bat zenean, YouTubeko bere bideoek milioika bisita lortu zituzten.

20 urte zituela argitaratu zuen bere aurreneko diskoa, Kingfish (2019), Alligatorrekin. Albumak kritikaren goraipamenak jaso zituen, eta aldizkari espezializatuetako azaletara eraman zuen Kingfish, baita Estatu Batuetako zerrenda batzuetako lehenengo postuetara ere.

Bere bigarren lana, 662 (2021), konfinamendu aldian sortua da, geldialdi bat egitera behartuta urtebete baino gehiago atsedenik gabe birak egiten jardun ondoren. Diskoak bidaia pertsonal bat islatzen du eta bere esperientzia labur baina sendoak eta bere amaren heriotzak markatutako heldutasun bat erakusten digu jada.

Kingfishek bere DNAn darama bluesa, Deltan ditu bere sustrai sakonak, eta bere eragin eta erreferentzia musikalek artista handien ‒B.B. King, Robert Johnson, Lightnin’ Hopkins, Muddy Waters, Jimi Hendrix edo Prince‒ oinordeko gisa kokatzen dute.

Birtuosoa, erabatekoa eta gailena da gitarran, ahots sakon eta ahalmen handikoa da berea, eta grinaz eta sentimenduz beterikoak bere zuzenekoak. Horrela lortu du Kingfishek belaunaldi eta kultura anitzetako entzuleria batera iristea, eta modu horretan heldu da lehendik bluesa ezagutzen ez zuten pertsonengana, eta lehendik generoaren zale zirenei itxaropena berriro ekartzera.

Web

Facebook

Twitter

Instagram

YouTube