single

ARTISTAK

Craig Taborn

0

CraigTabornWeb

Minneapolisen (Minnesota) jaioa, Craig Tabornek Detroiteko Jazzaren eszenan hasi zuen bere ibilbidea. Ondoren, New Yorken ezarri eta bertan bizi da harrezkero. 25 urte baino gehiago daramatza musikaren eszenan profesional gisa, eta gaur egungo pianista irudimentsu eta originalenetakoen artean dago. Bere ibilbidean zehar proiektu artistiko ugaritan parte hartu izan du, baita orain ere, eta era askotako estiloak ‒Jazz, “new music”, elektronika, rock, noise, avant garde, musika esperimentala, Afrikako eta Karibeko soinu tradizionalak…‒ konposatu, inprobisatu eta interpretatu ditu, pianoan edo instrumentu elektronikoak erabilita.

Taborn laugarren aldiz dator Jazzaldira. Lehenik, James Carterri laguntzen izan zen 1995ean; bigarren, Dave Hollandekin 2014an; hirugarren, 2019an, John Zornekin, eta orain, 57 Jazzaldirako, bakarrik dator, San Telmo Museoan piano kontzertu bat eskaintzera.

Tabornek, aipatutako hiru musikariekin ez ezik, musikari eta talde gailen askorekin lan egin du, besteak beste: Roscoe Mitchell, Wadada Leo Smith, Lester Bowie, Tim Berne, Hugh Ragin, Evan Parker, Steve Coleman, David Torn, Francisco Mora, Chris Potter, William Parker, Vijay Iyer, Kris Davis, Bill Laswell, Nicole Mitchell, Susie Ibarra, Mat Maneri, Ikue Mori, Carl Craig, Dave Douglas, Meat Beat Manifesto, Dan Weiss, Chris Lightcap, Gerald Cleaver, Rudresh Manhathappa…

Bakarkako bere azken diskoa, Shadow Plays (2021), goraipatu egin du kritikak eta Tabornen teknika ikusgarriaren eta inprobisatzeko gaitasun handiaren erakustaldi bat da. Wiener Konzerthauseko Mozart-Saalen zuzenean grabatua, diskoak 7 pieza biltzen ditu, espontaneoak, guztiak inprobisatuak, interpretatzeko unean bertan sortuak, baina beren argitasun konstruktiboagatik, logika egituratuagatik eta koherentziagatik, ez dirudi horrela denik. Pianoan inprobisatutako bere aurreneko disko zoragarria, Avenging Angel (2011), kaleratu zuenetik 10 urte igaro direnean, bigarren disko inprobisatu honetan pianista bikain honen bilakaera nabaritzen da; bere musika finduagoa ageri da, baina baita abstraktuagoa eta konplexuagoa ere, testurez, erritmo eta intentsitate aldaketez, isiluneez eta ideiez betea. Hala, ideia horiekin sortzen ditu une bakoitzean mundu berriak, berdinik ez duen imajinario bat transmititzeko.

Web Craig Taborn