Damir Imamović (ahotsa, tanburra), Derya Türkan (kemençe), Žiga Golob (kontrabaxua)
Damir Imamović abeslari, musikari, autore eta maisu bat da sevdah generoan. Genero bereko musikari ospetsuen familia batetik dator eta bete jaioterri Sarajevoko eta Bosnia-Herzegovinako musika tradizionalaren belaunaldi berri bat ordezkatzen du. Gainera, Bosniako musika tradizionalaren irakasle eta hedatzaile aktiboa da, eta liburu bat idatzi du sevdahi buruz, bere bizitza eta bere talentua eskaintzen dizkion generoari, alegia.
Bosnian eta Herzegovinan sorburua duen musika tradizionala eta folklorikoa da sevdah, eta XV. menderaino atzera eginez aurki daitezke bere aztarnak. Sarajevoko eta Mostarreko kafetegietan eboluzionatu zuen XIX. mendean. Eta berriro hedatu zen XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan Jugoslavia berri osoan zehar. Komunismoaren garaian ere izugarri kontsumitu zen generoa. XX. mendearen bukaeran, Titoren garaiko moda pasatako erlikia antzeko bat bihurtzeko zorian egon zen, baina, Bosniako gerraren aldian, indarberritu eta adierazgarritasun handiagoa lortu zuen gazteen artean, Imamović bera tartean zela.
Sevdahk, Bosniak bezalaxe, eragin kultural eta erlijioso ugari jaso izan ditu mendeetan zehar: ekialdekoa, europarra, baita XVI. mendearen hasieran erbesteratutako Espainiako sefardiena ere. Genero honetako abestiak melodia sakon eta hunkigarriengatik bereizten dira, eta malenkoniatsuak eta nostalgikoak dira letrak, maitasunaz, oinazeaz eta herriminaz hitz egiten digutenak.
Damir Imamović, gaur egun, generoaren ordezkari nagusiena da eta mundu osoan zehar egin ditu emanaldiak, baita izen handiko agertokietan ere: Washington DCko Kennedy Center, Parisko Centre Pompidou, Amsterdameko Concertgebouw,…
Jazzaldian eskainiko digun kontzertua bere azkeneko diskoan oinarrituta dago: Singer of Tales (2020). Lan honetan Imamovićek sevadhen eta otomandar musikaren artean mendeetan izandako loturak arakatu ditu, eta Derya Türkan turkiarraren kemençe zoragarria gehitu du. Diskoak agerian uzten du sakonetik ezagutzen dituela bai sevdaha bai Bosniako historia eta, aldi berean, konexio bat eskaintzen du orainarekin. Abeslari bosniarraren ahots sakona, iradokitzailea eta sentimenduz betea kronista baten ahotsa da, abestien bitartez hainbat gairi buruz hitz egiten diguna: gure oinazea, poza, maitasuna, erbestealdia, herrimina, familia, itxaropena, beldurra,…