Enrico Rava (fliskornoa), Matteo Paggi (tronboia), Francesco Diodati (gitarra), Francesco Ponticelli (kontrabaxua), Evita Polidoro (bateria)
Enrico Rava mundu mailan gehien ezagutu eta nabarmentzen den Jazz musikari italiarra da. 1960ko hamarkadan nazioartean berehalako ospea lortu ondoren, tronpetista eta konpositore italiarra, sei hamarkadako ibilbide profesionala egina duena, irmo mantendu da musikari aktibo eta geldiezinenen artean, proiektu original ugaritan murgildua eta beti Jazz tronpeta bakarlari handienetako bat. Rava generoen eta estiloen muga tradizionaletatik kanpo mugitzen den musikaria da, konbentzioei ihes egiten diena. Bere soinua berehala da bereizgarria. Bere musikaren jario etengabeak ideia zeharo originalak zeharkatzen ditu maiz.
Ravaren diskografia zabalean altxor artistiko bikainak daude bilduta, besteak beste: Enrico Rava Quartet (1978), Rava lʼopera Va (1993), Easy Living (2004), Tati (2005), The Words and the Days (2007), New York Days (2009), Katcharpari (2017) eta bere azkeneko lana, The Song Is You (2022).
Lider gisa egiten duen lanaz gain, Rava Europako eta Amerikako musikari ospetsuenetako askoren kolaboratzaile garrantzitsua izan da, adibidez: Franco D’Andrea, Stefano Bollani, Massimo Urbani, Gato Barbieri, Philip Catherine, Lee Konitz, Aldo Romano, Charlie Haden, Joe Henderson, John Abercrombie, Palle Danielsson, Jon Christensen, Nana Vasconcelos, Miroslav Vitous, Daniel Humair, Michel Petrucciani, Charlie Mariano, Joe Lovano (harekin batera laukote baten liderra izan zen 1990eko hamarkadaren hasieran), Albert Mangelsdorff, Dino Saluzzi, Richard Gallliano, Martial Solal, Archie Shepp, John Taylor, Paul Motian, Mark Turner, etab.
Bere ibilbidean zehar Ravak musikari gazteak sartu izan ditu eratu dituen taldeetan, beren hastapenetan babesa emanez, ondoren, garatzen eta hazten jarrai zezaten beren bidetik jotzeko.
Edizio honetakoa Triesteko musikari beteranoaren bosgarren emanaldia izango da Jazzaldian. Oraingoan, Ravak bere azkeneko proiektua eskainiko digu, The Fearless Five, lau artista emergente italiar bikain lagun dituela.