Fred Wesley (tronboia, ahotsa), Bruce Cox (bateria), Dwayne Dolphin (baxua), Peter Madsen (teklatuak), Reggie Ward (gitarra), Gary Winters (tronpeta), Jay Rodriguez (saxoa)
Fred Wesley 1943an jaio zen musikari estu lotutako familia batean. Umetan piano ikasketak egin zituen eta tronpeta jotzen ere ikasi zuen. 12 urte zituela, aitak tronboi bat eraman zuen etxera eta harrezkero Wesley ez da instrumentu horretatik behin ere urrundu. Profesional gisa oraindik nerabe bat zela hasi zuen bere ibilbidea, Ike & Tina Turner bikoteari tronboian laguntzen. Segidan, armada estatubatuarrean sartu zen Wesley, eta bertan lortu zuen bere graduazioa School of Musicen.
1967an bueltatu zen bizitza zibilera, eta proiektu propio bat eratu zuen, The Mastersound deitua. Urtebete geroago James Brownek deitu zion bere bandara elkartzeko. Hala, 1975era arte izan zen Brownen taldeko kide, eta tronboia jotzeaz gain, musika zuzendari, moldatzaile eta konpositore izan zen bertan. Gero, proiektu batzuetan parte hartu zuen George Clintonekin eta Bootsy Collinsekin.
Bere musika garai guztietako sanpleatuenetako bat da eta bere ibilbide luzean, aurretik aipatutakoekin ez ezik, musikari gailenekin lan egin du Wesleyk, besteak beste hauekin: Ray Charles, Maceo Parker, Count Basie, Van Morrison, Earth Wind & Fire, Pee Wee Ellis, Vanessa Williams, The S.O.S. Band, Cameo, De La Soul, Curtis Mayfield, Usher,…
Wesleyk grabatzen eta jotzen jarraitzen du bere The New JBs taldearekin, baita moldaketak, produkzioak eta estudioko saioak egiten ere. Hori guztia irakaskuntzarekin txandakatzen du, mundu osoko musikari gazteekin bere ezagutza ikaragarria partekatuz.
Tronbonista estatubatuar handi hau funkaren historian izan diren konpositore eta moldatzaile onenetako bat da inolako zalantzarik gabe, generoa definitzen gehien lagundu duten musikarietako bat.