single

ARTISTAK

John Zorn at Jazzaldia 1: Quatrain + Suite for piano

0

Zorn Foto Web Jazzaldia 900x500

John Zorn

John Zorn, Abangoardiako Jazzaren erreferentzia nagusia, artista emankor eta polifazetikoa da: konpositorea, moldatzailea, ekoizlea, saxofonista eta multiinstrumentista. Bere izena interprete, konpositore edo ekoizle gisa agertzen da ehunka albumetan. Genero ugari landu ditu: jazza, rocka, hardcore punka, musika klasikoa, klezmerra, musika inprobisatua, soinu-bandak…

Aipatutako guztiaz gain, Zornek katalizatzaile lana egiten du abangoardiaren eremuan, batez ere New Yorkekoan, non balio eta oihartzun handiko ehunka musikari kokatzen diren. Izan ere, New Yorken egiten den Jazza ezin da ulertu Zornen orbitan mugitzen den musikariren batek parte hartu gabe.

John Zornek Jazzaldian egindako emanaldi arrakastatsuek arrasto sakona utzi dute: 2013an bere Masada Marathonekin, 2015ean Bladerunner Triorekin eta 2019an, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen urtean, Bagatelles Marathonekin. Jazzaldiaren 59. edizio honetan, maisu estatubatuar handia honen musika 6 talderen eskutik eskainiko da; hiru egunetan jarraian arituko dira, uztailaren 26an eta 27an Kursaal Auditorioan eta, 28an, Trinitate plazan.

Hauek dira 6 proiektuetan parte hartu duten musikariak: Julian Lage, Gyan Riley, Brian Marsella, Jorge Roeder, Ches Smith, John Medeski, Matt Hollenberg, Kenny Grohowski, John Zorn eta Kenny Wollesen.

QUATRAIN

Julian Lage (gitarra), Gyan Riley (gitarra)

Julian eta Gyan munduan diren birtuosorik handienetako bi dira gitarran. 2015ean elkartu ziren lehen aldiz Zornen “Bagatelles” proiekturako, eta bikotean egiten dituzten emanaldiak benetako esperientzia transzendente bat dira; telepatikoa dirudien elkarrekintza, arreta handiz landutako xehetasun ugari, eta solo harrigarriak, berealdiko trebetasuna eta sua darienak.

Quatrain Foto Web Jazzaldia 900x500

Beren 2017ko Midsummer Moons CDa (Shakespeareren ilargi-irudietan inspiratua) Zornen sorkuntzarik ederrenetako bat da. Oraingoan, Richard Hughesen A High Wind in Jamaica nobela kezkagarri eta enigmatikoan oinarritutako musika interpretatuko dute. Konposizio misteriotsuak eta siniestroak, inozentzia arriskutsu batez blaituak. Gozamen hutsa!

SUITE FOR PIANO

Brian Marsella (pianoa), Jorge Roeder (baxua), Ches Smith (bateria)

Goldberg bariazioetan eta Schoenbergen piano solorako musikan partzialki inspiratua, musika klasikoan eta tradizionalean oinarrituta Zornek egiten duen bertsio pertsonala da Suite For Piano.

suite for piano Foto Web Jazzaldia 900x500

Zorn unibertsoko musikaririk konprometitu, birtuoso eta grinatsuenetako batek interpretatzen du: Brian Marseillak, pianista aproposa Zornen poetika musikalerako, hezkuntzan metatua duen esperientziari esker −Jazz gehiegi mundu klasikoarentzat eta klasikoegia Jazzaren munduarentzat−.

Piano, baxu eta bateriaren formatu klasikoa Jorge Roederrek eta Ches Smithek osatzen dute. Kontzertu ederra eta hunkigarria izango da hau, inolako zalantzarik gabe.