single

ARTISTAK

JULIAN LAGE TRIO

0

1.- Julian Lage WEB

Julian Lage (gitarra), Jorge Roeder (baxua), Joey Baron (bateria)

Julian Lage gaztea da. Izan ere, 35 urte izango ditu Jazzaldiaren edizio honetan arituko denean eta, hala ere, iparramerikar hau munduko gitarrista handienetako bat da. Lider gisa 14 disko kaleratu ditu eta ia 30 disko artista bikain askoren laguntzaile gisa, besteak beste aipatzekoak John Zorn, Gary Burton, Nels Cline, Dave Douglas…

Julian Lage gitarraren birtuoso bat da, bere Fender Telecasterri erabateko probetxua eta txinpartak ateratzeko gai, soinu distiratsu eta bizi batekin. Dena den, bere musikak ez dio birtuosismo horri abantailarik atera nahi, ez du erakustaldi tekniko bat egin nahi; horren ordez, emozioak eta testurak adieraztea helburu duten konposizioetan oinarritzen da, paisaiak marraztuz garamatza edertasunez blaitutako lekuetara.

Bere azkeneko diskoa, View With a Room (2022), Blue Note zigiluarekin argitaratzen duen bigarrena da. Bertan, 10 pieza original proposatzen dizkigu, gitarraren aukera orkestralak esploratzen dituztenak, bere trioari —gitarra/baxua/bateria— bigarren gitarra bat gehituta: Bill Frisellena berarena. Hala, azken honen soinu imitaezina da album bikain honi egiten zaion ekarpena. View With a Room (2022) disko berezi horietako bat da, inspirazioz eta sormenez blaitutakoa, entzunaldi bakoitzean lehen oharkabean pasatu izandako ñabardura berriak dastatzeko aukera ematen digun horietakoa.

Web

Instagram

Facebook

Twitter

YouTube

Spotify