single

ARTISTAK

Júlio Resende “Fado Jazz” Solo

0

 

Resende Foto Web Jazzaldia 900x500

Fado Jazz – Sons of Revolution

Júlio Resende (pianoa)

Júlio Resende, pianista adierazkorra eta teknikoki gailena, konpositore sortzailea eta inprobisatzaile bikaina, gaur egun Portugalen gehien ezagutzen den musikarietako bat da, bai bere herrialdean, bai atzerrian.

Lau urterekin hasi zen pianoa jotzen eta ordutik “bere jostailurik gogokoena” dela dio. Bere musikak ez du mugarik, Jazzetik hasita Fadoraino, musika klasikoa, pop-rocka eta elektronika tartean.
Resendek, 40 urte eskas beteak, 10 disko argitaratu ditu dagoeneko. Musikari bikain honen maila eta kalitatea erakusten diguten diskoak dira, bere bilakaera, sormena, ikertzeko duen interes agortezina eta berritzeko duen ausardia islatzen dutenak.

Bere aurreneko hiru lanak Jazz diskoak izan ziren, hirukotean eta laukotean: Da Alma (2007), Assim Falava Jazzatrusta (2009) eta You Taste Like a Song (2011).

Ondoren, fadoa pianora ekartzea erabaki zuen, tradizioa eta modernitatea uztartuz, fadoak transmititzeko duen ahalmen hori instrumentu bakar horren bidez adieraztea helburu. Hala, Amália por Júlio Resende (2013) disko arrakastatsua argitaratu eta Fado Jazz generoaren aitzindari bihurtu da.

Bide horretatik jarraituz, bere bosgarren albuma, Fado & Further (2015), argitaratu zuen Sílvia Pérez Cruzen parte hartzearekin.

Seigarren diskoak, Poesia Homónimak (2016), hitzari eta poesiari ematen die bidea. Bertan, Resenderen pianoaren inprobisazioak laguntzen dio Julio Machado Vazen ahotsari.

2017an Resendek bere lanik berritzaile eta dibergenteena kaleratu zuen, Alexander Search (2017) diskoa, Fernando Pessoaren poesia eta pop-rock eta elektronika doinuak uztartzen dituena.

2020an bi lan argitaratu zituen: Cinderella Cyborg eta Fado Jazz Ensemble. Lehenengoan, gizakiaren eta makinaren arteko maitemina islatzen da, pianoari, bateriari eta kontrabaxuari gehitzen zaizkien soinu elektrikoekin. Bigarrenean, Resendek berriro sakontzen du Jazzaren eta fadoaren fusioan.

Bere azken diskoa, Júlio Resende Fado Jazz – Sons of Revolution (2023), askatasunaren ospakizun bat da, apirilaren 25aren 50. urteurrenarena eta Portugalek Afrikarekin duen harremanarena.

Resende, besteak beste Salvador Sobral, Lina Rodrigues, Sílvia Pérez Cruz eta Maria João Pires artistekin elkarlanean aritua, kantu portugesaren ikuspegi berri bat emateko gai izan den musikari paregabea eta sortzaile nekaezina da; beraz, zalantzarik ez dago atsegin hartzen jarraituko dugula bere etorkizuneko lanekin.