single

ARTISTAK

KENNY BARRON WITH STRINGS

0

Kenny Barron, Jazzaren historian eragin handiena izan duen pianistetako bat. Filadelfian jaio zen, 1943an, eta bere 80. urtebetetzea eszenatokien gainean ospatzea erabaki du, bere ibilbide luze eta bikainari egindako errepaso bat eskainiz, eta Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) lagun duela.

Jardunean direnen artean Jazz pianista onena askorentzat, Kenny Barron bere errepertorioa hautatzean erakusten duen gustu izugarri onagatik bereizten da, baita exekuzioan duen dotoreziagatik ere. Barron, bere estilo findu, artikulatu eta irudimen handikoarekin, Jazzak duen pianista osatuenetako bat da teknikoki. Ordea, ez du bere trebetasun teknikoa erakutsi beharrik izaten entzuleak konbentzitzeko; nahikoa du bere sentsibilitate handia erakustearekin. Be-bop pianoaren tradizioaren kontserbatzaile nagusia da bera, eta figura historikoekin elkartzen du horrek, besteak beste Hank Jones eta Tommy Flanaganekin. Dena den, Barron sorkuntzaren lurralde berrietan barrena menturatzen da, bere ibilbide luzearen hasieran egiten zuen freskotasun berarekin, gainera.

1963an Dizzy Gillespieren bandan sartu zen Barron eta, harrezkero, musikari ugarirekin aritu da lanean, haien artean nabarmentzekoak, lehen aipatutako Gillespiez gain, Stan Getz, Yusef Lateef, Freddie Hubbard, Jimmy Owens, Stanley Turrentine, Milt Jackson, Jimmy Heath, Buddy Rich, Ron Carter, Charlie Haden, Buster Williams, Ben Riley, Charlie Rouse, David Sánchez…

Barron 1987an etorri zen lehen aldiz Jazzaldira, eta 2000an Donostiako Jazzaldia saria eman zion jaialdiak. Urte hauetan guztietan kontzertu ahaztezinak eskaini dizkigu eta beti, formatua edozein izanda ere, erakutsi eta oparitu dizkigu bere gaitasun nabarmenak.

Jazzaldiaren edizio honetan, pianista eta konpositore bikain honek bere ibilbideko pieza garrantzitsuenak interpretatuz ospatuko du bere 80. urtebetetzea, eta Rubén Gimeno zuzendari duen Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) lagunduta gainera, non eta akustika hobezina duen eszenatoki batean: Kusaal Auditorioan, alegia.

Web

Instagram

Facebook

Twitter

YouTube

Spotify