single

ARTISTAK

KURT ELLING ft. CHARLIE HUNTER: SUPERBLUE

0

Kurt Elling Web

Kurt Ellingenek haurtzaroan hasi zuen musika ibilbidea, elizetan eta abesbatzetan kantatuz. Bere ibilbidean, Mark Murphy eta Chet Baker izan ditu eragin handienak, 15 aldiz izendatu dute Grammyetarako, eta Ahots Jazzeko bi sari eskuratu ditu Album Onenari. Ellingek, besteen musika lanak interpretatzeaz gain, bere abestiak eta letrak konposatzen ditu, eta hainbat musikarirekin lan egin du, hala nola Brandford Marsalis (2016ko Jazzaldian harekin aritu zen Elling), Herbie Hancock, Dave Brubeck, Danilo Pérez, Stefon Harris eta Fred Hersch.

Kurt Elling musikari dinamikoa da, eta estiloak eta proiektuak txandakatzen ditu, swinga, bossa nova, inprobisazioa, baladak, spoken word, poesia, scatting… Maiz, hainbat autoreren literatura erreferentziak gehitzen ditu bere abestietara, hala nola Rilke, Proust edo Neruda. Letra sendoak idazten ditu, espiritu poetiko kementsukoak, eta konposizio berriak eratzen ditu Pat Metheny, John Coltrane, Keith Jarrett, Jaco Pastorius eta Wayne Shorterren kantuei letrak gehituz.

Chicagon sortutako kantari honek 25 urte baino gehiagoko ibilbide arrakastatsua izan du eta, zalantzarik gabe, egungo Jazzeko ahots onenetako bat da. Baritono ahotsa du, erraz identifika daitekeena, goxoa eta inguratzailea. Maisua da teknikan, askotariko tonu eta estiloak eskaintzen ditu, dotorea da, abila musika eta poesia uztartzen, gaitasun ederra du inprobisaziorako, istorioak era sinesgarrian kontatzeko dohaina du, espiritu sortzailea, benetakotasuna dario… eta horrek egungo Jazzaren abangoardian kokatzen du Elling. Aldi berean, Jazzaren historiako ahots handien ondorengo handia egiten du.

Azken diskoan, SuperBlue (2021), Ellingek berriz harritu gaitu, orain arte azaletik baizik ukitu ez zuen genero batean barneratuz: funka. Disko honetan, pandemia konfinamenduko uneetan sortuan, Charlie Hunter ekoizle eta gitarra-joleak parte hartu du, alde batetik; bestetik, berriz, hip hopeko itzal handiko bi pertsonaia: DJ Harrison teklatuetan, eta Corey Fonville baterian, biak ere Butcher Brown taldeko kideak. Bada, Chicagoko kantariak berriz erakutsi du artista dinamikoenetako bat dela, urduria, eta askotariko generoetara moldatzeko gaitasun handienetako bat duena. Hala, musika dantzagarriz eta “groove” handiko funk sofistikatuz betetako disko bat eskaini digu.

 

https://kurtelling.com/
https://www.facebook.com/kurtelling
https://www.instagram.com/kurtelling/
https://twitter.com/realkurtelling