single

ARTISTAK

LADYSMITH BLACK MAMBAZO

0

Ladysmith Black Mambazo WEB 2

Ladysmith Black Mambazo Afrikako ahots-talde handiena da; apartheiden aurkako borrokarekin, bere abolizioarekin, eta Nelson Mandelaren askapenarekin eta bere agintaldiaren hasierarekin lotu ohi dugu bere musika. Izan ere, gaur egun, munduko subkontziente kolektiboan Hego Afrikarekin bereziki eta Afrikarekin orokorrean berehala lotzen ditugun abestiak dira bereak.

Ezimnyama izenez sortu zen 1960an, eta hasiera batean bere sortzaile eta lider Joseph Shabalalaren anai-arrebek eta lehengusuek osatzen zuten taldea. 1964an, Shabalalak amets batzuk izan zituen, non musika eta harmonia zehatzak entzuten zituen, betiere isicathmiya izeneko estilo tradizionalaren barruan. Shabalalak, 2008ra arte jardunean eta 2020an zenduak, bere ametsetan entzuten zuena taldeari helaraztea lortu zuen, eta horrela hasi ziren arrakasta izaten eta aurkezten ziren lehiaketa gehienak irabazten.

Isicathmiya musika tradizionala, Zulu jatorrikoa, Hego Afrikako meategietan sortu zen. Han, trenetan lanera eramaten zituzten langile beltzak dantzan eta a capela abesten aritzen ziren denbora librean. Ondoren, meatzariek beren etxera bueltan eraman zituzten abesti haiek, eta horrela hasi ziren zabaltzen hiri eta herrietan zehar.

Lehiaketetan izandako arrakastak Amabutho (1973) albuma grabatzera eraman zituen, argitaratu dituzten 50etik gora diskoetatik lehena; haietako asko salmenta-arrakasta izugarria lortutakoak.

Paul Simonen eskutik egin ziren ospetsu nazioartean, baita taldearen Graceland (1986) diskoak saldutako 16 milioi kopiei esker ere. Ladysmith Black Mambazok disko horretan izan zuen partaidetzak mundu osoan ospea zabaltzera eta planeta osotik birak egitera eraman zituen.

Harrezkero, ezin konta ahala une gogoangarri bizi izan ditu Ladysmith Black Mambazok: 5 grammy irabazi dituzte, 1993an Nelson Mandelari emandako Bakearen Nobel sariaren banaketa-ekitaldian abestu zuten, soinu-bandetan parte hartu dute, milioika disko saldu dituzte, Broadwayn emanaldiak egin dituzte, protagonista izan dira dokumentaletan, agertoki garrantzitsuenetara eraman dute beren musika, eta artista gailenekin lan egin dute: Stevie Wonder, Zap Mama, Sarah McLachlan, Melissa Etheridge, Joe McBride, Natalie Merchant, Emmylou Harris, Taj Mahal, Hugh Masekela, Mavis Staples, Pete Seeger…

Sortu eta 62 urtera, Ladysmith Black Mambazok erreferentziazko taldea izaten jarraitzen du Afrikako musika bokalean, eta mundu osoan zehar jarraitzen dute emanaldiak eskaintzen. Taldearen egitekoa beren mezua hedatzea da, beren kultura bizirik mantentzea, eta bizitasunez eta baikortasunez betetako beren abestiekin publikoak tarte on bat izan dezan lortzea, betiere harmonia aratz-aratzekin eta miresgarriki bat egindako ahotsekin.

Web

Instagram

Facebook

Twitter

YouTube

Spotify