single

ARTISTAK

LAKECIA BENJAMIN & PURSUANCE

0

Lakecia Benjamin 2019 Promotional Images

Lakecia Benjamin saxofonista, konpositore eta moldatzailea New Yorken jaio eta bertako Fiorello LaGuardia High School for Performing Arts-en hasi zen saxofoia jotzen. Gero, New Yorkeko New School University ospetsuan izan zen eta musikari gailenekin hasi zen jotzen, haien artean, Clark Terry eta Reggie Workmanekin. Hala, haiek beste hainbat musikarirekin lan egiteko ateak ireki zizkioten, Rashied Ali, David Murray, Vanessa Rubin eta Anita Bakerrekin, besteak beste.

Harrezkero, kolaborazioz josia dago bere ibilbidea, besteren artean, Stevie Wonder, Alicia Keys, The Roots edo Macy Gray izen handiko musikariekin. Hiru disko argitaratu ditu lider gisa; lehenengo bietan —Retox (2012), Rise Up (2018)— ia abesti guztiak berak konposatuak dira. Hirugarrenean, Pursuance: The Coltranes (2020), Alice eta John Coltranerenak dira konposizioak. Hala, Coltranetarren konposizio batzuk berrinterpretatzen ditu saxofonista newyorktarrak, eta, horrela, Jazzaren historian hain eragin handia izan duen bikotea bat omentzen du. Lakeciak bere egiten ditu Coltranetarren konposizioak, eta, izan ere, berriak dirudite.

Lakecia Benjamin izar sortu berriak beste maila batera eramaten du Jazz klasikoaren espiritua; zerbait berezia sortzen du konposizio bakoitzean; bere saxofoitik irtendako nota bakoitzean nabaritzen zaio duen pasioa. Bere Jazzak, James Brownen, Maceo Parkerren eta Sly and the Family Stone taldearen eragin nabarmena duenak, uztartu egiten ditu hip hopa, funka, soula eta diskoa.

 

https://lakeciabenjamin.com/
https://www.instagram.com/lakeciab/
https://twitter.com/LakeciaB
https://www.facebook.com/lakeciabenjamin