single

ARTISTAK

NAÏSSAM JALAL & RHYTHMS OF RESISTANCE

0

Naïssam Jalal 1Naïssam Jalal & Rhythms of Resistance: Un Autre Monde

Naïssam Jalal (flauta, nay, ahotsa), Mehdi Chaïb (saxo tenorraeta sopranoa, perkusioa), Karsten Hochapfel (gitarra, biolontxeloa), Damien Varaillon (kontrabaxua), Arnaud Dolmen (bateria)

Naïssam Jalalek, flautista birtuoso eta konpositore oparoak, bere nortasun aske eta nomada islatzen du bere errepertorioan. Parisen jaioa eta gurasoak siriarrak, gutxik sintetizatzen dituzte berak bezain ondo Ekialdeko eta Mendebaldeko musikaren arimak. Berdin espresatzen da flauta europarrarekin eta nay flauta arabiarrarekin. Parisko kontserbatorio batean flauta klasikoa ikasi zuen, eta 19 urterekin Siriara eta Egiptora joan zen bere sustrai kulturalak aurkitzera.

Musikaren arloan egin duen ibilbidean, flautista eta konpositore honek Arabiako eta Europako musika klasikoaren esentzia, Jazzaren inprobisazioa, hip-hoparen premia, funkaren euforia eta afrikar tradizioen bizitasuna bereganatu eta gainditu ditu. Mugarik gabeko jakin-minarekin, musika-kultura desberdinen arteko loturak ehuntzeko aukera ematen dio bere birtuosismoak.

Jalal, 53. Jazzaldian kontzertu handi batekin liluratu gintuena, berriro dator edizio honetara bere azken diskoa aurkezteko: Un Autre Monde. Disko bikoitz bat da, Rhythms of Resistance bere taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko argitaratua, eta Bretainiako Orkestra Nazionalarekin zuzenean grabatutako piezak biltzen dituena. Naïssam Jalalek, berriz ere, bizitasun handiko bere unibertso musikalean sartzera gonbidatzen gaitu, “Askatasun” hitzak esanahi osoa hartzen duen espazio batean.