single

ARTISTAK

NORAH JONES

0

Norah Jones iparramerikarra XXI. mendeko musikaren izar handienetako bat da, eta lehenengo aldiz arituko da Jazzaldian. Bere aurreneko diskoa 2002an argitaratu zuen eta, harrezkero, 50 milioi disko baino gehiago saldu ditu, 9 Grammy sari irabazi ditu, eta 6.000 milioi entzunaldi baino gehiago izan ditu streamingen.

Jones, Manhattanen jaioa, laster lekualdatu zen bere amarekin Texasera. Bertan bizi eta prestatu zen 20 urte zituen arte. Ondoren, New Yorkera bueltatu eta klub txikietan jotzen hasi zen. Kontzertu haietako batean, Blue Note zigiluko langile batek Jones deskubritu zuenean, berehala kaleratu zuen bere aurreneko diskoa: Come Away With Me (2002). Askoren harridurarako —diskoaren autorea barne— lehenengo lan hori ustekabeko indarrez sartu zen garai hartan besteren artean Britney Spears eta Cristina Aguilera nagusi ziren disko-salmentaren munduan; izan ere, 27 milioi kopia saldu zituen aurreneko disko horrek. Dena ezustean erabat, bizkor eta harrigarriro gertatu zenez, zaila izan zen artistarentzat gertatutakoa irenstea, kontuan hartuta 22 urte besterik ez zituenean iritsi berri zela musika profesionalera eta, gainera, oraindik ere, ez zaizkiola gustatzen flashak, ezta eskandaluak ere.

Hasiera haietatik aurrera, abeslari, pianista eta konpositore estatubatuarrak diskoak kaleratzen eta mundu osoko agertoki garrantzitsuenetan emanaldiak egiten jarraitu du. Bere moldakortasunari eta country eta americana bezalako beste genero batzuekiko duen interesari esker, artista eta talde gailenekin kolaboratu du Jonesek; batzuk bakarrik aipatzearren Willie Nelson, Foo Fighters, Herbie Hancock, Jeff Tweedy, Dolly Parton eta Belle and Sebastian daude haien artean.

Bere musika milioika pertsonek entzun eta gozatu dute, baina, aldi berean, kritika zorrotzak jaso ditu puristegandik eta hain komertzialak ez diren estiloen jarraitzaileengandik. Hala eta guztiz ere, gauza bat argi dago: Norah Jonesek, bere ahots ezti eta sentsual zoragarri horrekin, bide bat ireki zuen eremu komertzialetik, eta horrela hurbildu zuen Jazza pop musika besterik entzuten ez zuten milioika pertsonarengana.

Web

Instagram

Facebook

Twitter

YouTube

Spotify