Nubya Garcia (saxofoia), Daniel Casimir (kontrabaxua), Sam Jones (bateria), Joe Armon Jones (teklatua eta pianoa)
Bere aurreneko EPa, Nubya’s 5ive (2017) kaleratu eta urte gutxi batzuk geroago, eta Source (2020) bere disko arrakastatsu eta txalotuaren ondoren, Nubya Garcia saxofonista eta konpositore londrestarra izar distiratsuenetako bat da dagoeneko Jazz garaikidean, eta artista gailenetako bat Londresko bizitasun handiko Jazz eszena berrian.
Guayanakoa ama eta Trinitatekoa aita, Nubya Garcia Camdenen jaio zen, musikaz inguratutako familia batean. Biolina jotzen hasi zen 5 urte zituenean, eta 10 urterekin ekin zion saxoari. Nikki Yeoh pianistarekin ikasi zuen Camden Music-en, gero Gary Crosbyren Tomorrow’s Warriors kolektibora elkartu zen, eta Trinity Laban Conservatoire of Music and Dancen osatu zuen bere prestakuntza.
Bakarka egin dituen lanez gain, kide oso aktiboa da Londresko musikaren eta Jazzaren komunitate zabalean; sarritan parte hartzen du bertan kolaborazioak eta trukeak egiten. Hala, Jazz eszena britainiar berrian diren musikari gailenetako askorekin lan egin du: Shabaka Hutchings, Nérija, Makaya McCraven, Moses Boyd, Sons of Kemet, The Comet is Coming, Theon Cross, Ezra Collective, Yazz Ahmed, Blue Lab Beats, Kokoroko, Maisha…
Garciak konposatu eta bere saxo tenorrarekin interpretatzen duen musika Jazz garaikidearen abangoardiatzat har daiteke, Jazza da, eta oraingoa da… baina saxo bikain honek egiten duena ulertzeko, egungo eszenaren eraginaz ez ezik, bere sustraiek, bere komunitateak, eta haurtzarotik bere familian, mestizajez eta kulturaniztasunez blaitutako auzo eta hiri batean entzun duen musika guztiak —Jazz, soul, afrobeat, cumbia, funk, dubstep, reggae, afrocubana, calypso…— beretzat duten garrantziaz ere hitz egin behar da.
Bere konposizioak aldi berean dira omenaldi bat eta berrasmakuntza bat, tradizioa eta modernitatea; sakonak, ausartak, bizitasun handikoak, heterogeneoak, ia espiritualak eta itxaropenez beteak. Lehena oso kontuan hartuta, Jazzaren oraina eta geroa den artista bat da Nubya Garcia.