single

ARTISTAK

TIKEN JAH FAKOLY

0

Tiken Jah Fakoly (ahotsa), Valéry Assouan (baxua), Colin Laroche De Feline (gitarra), Andra Kouyate (ngonia), Ludovic N’Holle (bateria), Jean-Luc Remy (teklatua), Julie Brou (koruak), Wendy Engoneakoughey (koruak), Jean-Baptiste Dobiecki (saxofoia), Didier Bolay (tronpeta), Jean François Quellec (tronboia)

Bolikostako abeslari ikoniko, miretsi eta errespetatua da Tiken Jah Fakoly. Bere abestietan dub eta soukouss oinarriekin gurutzatzen da reggaea, eta instrumentu afrikar tradizionalak, besteak beste kora, ngonia eta balafoia berreskuratzen dira. Letrek mezu sozial eta politiko sakonak helarazten dituzte, baita salaketa eta borroka mezuak ere.

Abeslari afrikar honen benetako izena Doumbia Moussa Fakoly da. Laster jabetu zen musikak eguneroko korrupzioa eta injustiziak seinalatzeko balioko ziola, eta mentalitate rastafari batetik ekin zion lan horri. 1993an egin zuen Tikenek sarraldia Bolikostako musikaren eszenan, Houphouët-Boigny zendu zenean hain zuzen; diktadore hark 30 urte baino gehiago eduki zuen Bolikosta bere agindupean. Hala, asaldura handiko garai baten hasiera izan zen hura, gatazka politikoak eta boterea lortzeko frakzioen arteko liskarrak —Estatu kolpe bat barne— ekarri zituena. Egoera hartan Tikenen abestiak laster hasi ziren mugak gainditzen eta erresistentziaren eta eraikuntzaren ikur bihurtzen.

Bestetik, ordea, goraldi horrekin batera mehatxuen eta erasoen helburu izan ziren Tiken eta bere ingurua, eta horrek behartu zuen aurrena Malira eta azkenik Frantziara erbesteratzera.
Bere musikak Bob Marleyren eragin nabarmena du eta, izan ere, haren gaurko oinordeko onentzat dute askok. Jaso izan dituen aintzatespen eta sarien artetik nabarmentzekoak dira Victoires de la Musique 2003an —reggae, ragga eta world music disko onena bere Françafrique (2002) albumagatik— eta First Freemuse Award 2008an.

Tiken Jah Fakolyk reggae zintzo bat egiten du eta tresnatzat erabiltzen du afrikarren bihotzetik datorren diskurtso bat transmititzeko, bizi-baldintzak, arrazismoa, emigrazioa, politikarien manipulazioa… hizpide dituenak. Bolikostako abeslari honek, panafrikanismoaren defendatzaile, itxaropenez ikusten du Afrikaren halabeharra, eta abesten, dantzan eta dantzarazten jarraitzen du. Letra konprometituak eta iraultzaileak dira bereak, bizitza gogorren, injustizien eta zorigaitzen historiak, baina, hala eta guztiz ere, eta kontraste moduan, erritmo alai batekin kantatzen ditu. Dantzatzeko moduko abestiak dira, eta hondamen guztien gainetik dirauen optimismoak blaituak.

Web

Facebook

Instagram

YouTube

Spotify