single

ARTISTAK

ZETAK

0

Pello Reparaz (ahotsa), Leire Colomo (perkusioa), Gorka Pastor (sintetizadorea, teklatuak), Iban Larreboure (bateria)

2019an sortu zenetik ZETAK taldeak bi disko arrakastatsu eta single ugari argitaratu ditu; milioika entzunaldi lortu dituzte streamingen eta hit nabarmenak izan dira Euskal Herriko musikaren panoraman, belaunaldi oso batentzat himno bihurtzeraino: Zeinen Ederra Izango Den, Errepidean, Zoriontasuna,…

Taldea, Pello Reparaz lider duena, oso jende gazteak osatua da, esperimentatzeko izugarrizko gogoarekin. Melodia eranskorrak nagusitzen dira egiten duten musikan: euskaraz abestutako pop elektronikotzat har daiteke, non besteak beste txalaparta tartekatzen duten, baita askotariko kolaborazioak ere, esaterako, musika herrikoiaren abeslari Erramun Martikorenarena, Oques Grasses katalanena eta Bomba Estéreo talde kolonbiarrarena.

Pello Reparazek ez ditu oraindik 30 urte bete eta, hala ere, ibilbide luzea du egina musikaren arloan: 5 urterekin hasi zen musika ikasten; 8 urterekin tronboia, eta 12 urterekin hasia zen dagoeneko Altsasuko gaztetxeko eszenatokira igotzen. Ondoren Vendetta taldeko kide izan zen eta, 10 urteko ibilbidea egin eta gero, desegin egin zen ska talde arrakastatsua. Hain zuzen ere, orduan erabaki zuen Reparazek beste noranzko bat hartu eta ZETAK eratzea.

ZETAKen azkeneko diskoa, Zeinen Ederra Izango Den (2020), pandemian zehar sortu eta argitaratu zen, eta nabaria da hori abestien letretan. Paradoxikoki, optimistak dira oro har, itxaropenez eta energia positiboaz beteak. Baina, sarritan, halako kutsu melankoniko bat darie eta joanak diren garaien nostalgia kutsu bat sumatzen zaie, bizitza online ezta birtuala ez zenekoa, oraindik konfinamendurik eta arau sanitariorik ez zegoenekoa; garai idealizatu bat alegia, non nagusi ziren adiskidetasuna, maitasuna, uda, natura, landa-eremuko mundua, festa, askatasuna, poza eta gaztetasuna.

Web

Facebook

Instagram

YouTube

Spotify