single

12 Points, europar jazzeko talentu gazteen jaialdiak, egitarau berritzailea eta dinamikoa iragarri du Heineken Jazzaldirako

0

12 Points jaialdiak, zeinaren xedea europar jazzeko talentu gazteak aurkitzea eta bultzatzea den, bere hamargarren ediziorako egitaraua iragarri du: Donostian ospatuko da 2016ko uztailaren 20tik 23ra bitartean, Heinekin Jazzaldiaren batera eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren esparruan.

Urtero programatzen da jaialdi hau europar kontinente osora egiten den deialdi ireki baten bitartez. Ia 500 taldek eskatu dute 12 Points-eko hautatze-probetan parte hartzea, sustapen-plataforma itzela bilakatu baita Europako jazzeko musikari gazteentzat. 12 talde hautatu dira, lau saiotan jarduteko, hiru talde egunean.

12 Points jaialdiaren berezitasuna da ez duela egoitza bakar eta finkorik: txandaka ospatzen da Dublinen (urte bakoitietan) eta Europako beste hiriburu batean (urte bikoitietan). 2014an Umea-n egin zuten (Suedia), eta 2012an, Porton (Portugal).

Jaialdi prestigiotsu hau Donostiara ekartzea hiru erakunderen lankidetzari esker izan da posible: Improvised Music Company, Dublinen egoitza duen enpresa eta 12 Points-en ohiko ekoizlea; Heineken Jazzaldia, bere 51. edizioa eskainiko duena, 2015ean berrogeita hamargarren urteurrena arrakasta handiz ospatu ondoren; eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua, zehatzago esanda, proiektu horretako Elkarrizketak lerroa, hain zuzen ere, DSS2016EUren lerro horren xedea bere inguruko kultur eragileekin itunak egitea eta Kultur Hiriburuaren balioei lotutako berariazko proiektuekin elkarlanean aritzea baita.

12 Points artista berriak aurkitzea xede duen jaialdi bat da. Musikariek ez ezik, itzal handiko hainbat programatzailek, kazetarik eta hezitzailek hartzen dute parte, urtero, 12 Points jaialdian, talentu berrien bila joanda. Han parte hartzen duten musikariei jaialdiak irauten duen guztian gera daitezen eskatzen zaie, horrela, Europako beste leku batzuetako artistak zer sortzen ari diren ikusi eta entzun dezaten.

Parte-hartzaile guztien arteko harremanak tokiko jazzeko musikariekin egiten diren Jam Session gautarretan eta Jazz Futures mintegiaren bitartez lantzen eta sustatzen dira, azken horietan musika honen etorkizuna eztabaidatzen baita.

“Jazzeko eta musika esperimental garaikideko soinurik egunekoenak eta etorkizun handienekoak” – The Irish Times

“Nazioarteko lau programa hirukoitz dibertsitate zorabiagarrikoak… Jaialdi estimulagarria” – Jazzwise UK 

logos-points

 

Egitaraua

Uztailak 20. Victoria Eugenia Antzokia – Skoda. 20:00. 12€

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak lerroaren laguntza eta sostenguarekin

12 Points 1: The Embla, Marco Mezquida, Eva Klesse Quartett

 

Uztailak 21. Victoria Eugenia Antzokia – Skoda. 20:00. 12€

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak lerroaren laguntza eta sostenguarekin

12 Points 2: Water Boogie System, Insufficient Funs, CHROMB!

 

Uztailak 22. Victoria Eugenia Antzokia – Skoda. 17:30. 12€

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak lerroaren laguntza eta sostenguarekin

12 Points 3: João Barradas Trio, Hilde Marie Holsen, Strobes

 

Uztailak 23. Victoria Eugenia Antzokia – Skoda. 17:30. 12€

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak lerroaren laguntza eta sostenguarekin

12 Points 4: Four Seasons, Julian Sartorius, Nordmann

 

Parte hartuko duten taldeak

 

Uztailak 20, asteazkena

The Embla (Aarhus, Danimarka)

Nana Cecilie Gaardsted Bøvling (ahotsa), Frej Lesner (bateria)

The Embla daniar bikoteak tripak ateratzen dizkio musikari. Behar-beharrezkoa ez duen guztiaz biluzten du eta jatorrizko bi indarretara mugatzen da: ahotsa eta danborra, doinua eta erritmoa. Inprobisatzaile hauek testuinguru moderno batera dakartzate hainbat tributako ahots- eta perkusio-tradizioak eta pop basati moduko bat sortzen dute, hezur-muineraino zuzenean iristen dena. Musika gordina eta sentitua da, bi musikarien intentsitate indartsu eta irekian sostengatua. 2015ean, Daniar Jazz Berriaren sarietarako izendatu zituzten.

 

Marco Mezquida (Menorca)

Marco Mezquida (pianoa)

Menorcan jaioa da Mezquida pianista eta konpositorea, eta 29 urte baizik ez dituen arren, artista askoren bizitza osoko obra baino oparoagoa den lan eta sari katalogo harrigarria metatu du dagoeneko. Urteko Musikari izendatu du, lau urtez jarraian, Kataluniako Asociació de Músics de Jazz elkarteak. Erraz egokitzen den inprobisatzailea eta moldatzailea da eta talde handi zein txikientzat, antzerki edota zinemarako obrak idatzi ditu. Bere hiruko propioarekin jotzen du eskuarki, baina ganberako orkestrekin eta sinfonikoekin ere aritzen da. Bakarka atera zuen lehen diskoan, La hora fértil (2013), pianoa jotzeko era sofistikatua eta bizia erakusteaz gainera, haren ideia inprobisatzaile aberatsak hautematen dira, musika klasiko, jazz, abangoardia, rock edota flamenkoko kontzeptuak egokitzen baititu askatasun osoz.

 

Eva Klesse Quartett (Leipzig, Alemania)

Eva Klesse (bateria), Philipp Frischkorn (pianoa), Evgeny Ring (saxoa), Robert Lucaciu (baxua)

Eva Klesse-k medikuntza ikasteko asmoa zuen, baina musikak ikaragarri tiratzen zion, bateriak, batez ere, eta hobeto pentsatu zuen. Orain, urte batzuk geroago atzera begiratuta, ezin esan okertu zenik. 2013an jazzeko ikasketak amaitu ostean, bere taldea osatu zuen eta berehalaxe irabazi zuen Leipzigeko jazzeko musikari gazte onenen saria. Klessek talentu handiko alemaniar musikariak bildu ditu eta horrek are ederragoak egiten ditu haren konposizio txundigarriak. Zuzenean ikuslea hunkitzen duen laukotea da eta bakarlari guztiek maila bertsuan distiratzea lortzen dute. Taldearen lehen diskoa, Xenon (2014), Enja zigilu entzutetsuak argitaratu zuen eta JazzEcho alemaniar agentziak urteko errebelazio onenaren saria eman zion 2015ean. Rondo aldizkariak honela kalifikatu zuen: “talde zoragarri baten debut amestua”.

 

Uztailak 21, osteguna

Water Boogie System (Göteborg, Suedia)

Karin Verbaan (ahotsa, sintetizadoreak), Jonathan Albrektson (teklatuak), William Soovik (bateria), Viktor Reuter (baxua)

2011n sortutako laukote honek bulkada musikaletan oinarritutako puzzle landu bat eratzen du. Taldekideek Karin Verbaan abeslariaren betaurreko dalitarretatik begiratzen dute une sinfonikoz osatutako mundu zoragarri bat eraikitzeko. Soinua askotan hauskorra da, beste batzuetan eztandatsua, baina pasioz eta trebetasun instrumentalez betea beti, taldekideen arteko elkar-ulertzea islaturik geratzen dela. Buru irekia eta belarri arretatsua eskatzen duen musika da, jaurtitzen dituzten piezak bildu, aztertu eta dagokien tokian birkokatzeko.

 

Insufficient Funs (Dublin, Irlanda)

Matthew Jacobson (bateria, konposizioak), Sam Comerford (saxo baxua)

Saxofoi baxua ez da jazzeko ohiko musika-tresna, baina Sam Comerford-en eskuetan bikote dinamiko honen arreta-gune nagusi bihurtzen da. Instrumentuaren tinbre trumoitsu eta trinkoaren bitartez Comerford musika-tresna horren inprobisatzaile handiek –Roscoe Mitchell, Peter Brötzmann…– markatutako bideetatik barneratzen da. Matthew Jacobson bateria, esperientzia luzeko musikaria, arduratzen da proiektua katalizatzeaz; hark ezartzen ditu oinarri dinamikoa eta groovea, Comerford bere ehundura melodikoetan josta dadin.
CHROMB! (Paris, Frantzia)

Antoine Mermet (saxoa), Camille Durieux (teklatuak), Corentin Quemener (bateria), Lucas Hercberg (baxua)

Picassok esan omen zuen behin artista guztiek osten dutela. Hori horrela baldin bada, CHROMB! frantses laukoteak proportzio epikoetako lapurreta egiten du. Askatasuna ebatsi diote jazzari, rockari, berriz, energia, ganberako musikaren egiturak bahitu dituzte eta inprobisazioaren eromena harrapatu dute, horiekin guztiekin soinu hedakor ia sinfoniko bat konjuratzeko. John Zorn eta Soft Machine-ren itzalak proiektatzen dira taldearen errepertorio landuaren gaindi, baina haien ikuspegi trebe eta fina freskotasun handikoa da eta, batez ere, jostaria.

 

Uztailak 22, ostirala

João Barradas Trio (Lisboa, Portugal)

João Barradas (eskusoinua), André Rosinha (baxua), João Lopes Pereira (bateria)

João Barradas gaztea –24 urte ditu– kasu bakana da. Jazz garaikidean ia parekorik ez duen akordeoilari birtuoso honen talentu sinesgaitza mundu guztian goraipatua izan da, musikarien artean, batez ere. Gil Goldstein piano-jotzaile estatubatuarrak eskusoinu-inprobisatzaile konbentzigarrienen artean dauka. Nelson Cascaisek honako hau esan du Barradasi buruz: “musikari aparta da, oso teknika onekoa, fraseatze sofistikatukoa eta sormen ikaragarrikoa”. Nazioarteko hainbat eskusoinu lehiaketa irabazita egin zen ezagun, artean nerabe bat zela, eta berehala hasi zen musikari entzutetsuekin elkarlanak egiten (Avishai Cohen, Mark Turner, Greg Osby…).

 

Hilde Marie Holsen (Oslo, Norvegia)

Hilde Marie Holsen (tronpeta, elektronika)

Holsen-en lana paisaia inprobisatu zabalak eta ñabarduraz beteak sortzea da, denbora errealean prozesatutako lengoaia hunkigarri batekin, tronpetaren eta elektronikaren arteko muga-lerroak lausotzen dituela. Teknologiak gero eta rol garrantzitsuagoa jokatzen du inprobisatzaileen erreminta-kaxan, zeinahi musika-tresnaren mugak ikaragarri zabaltzen baititu. Holsenen kasuan, digitalaren eta analogikoaren arteko elkargunea horrela menderatzen duela, bistan dago intentzio musikal argi baten zerbitzuan jartzen duela teknologia. Haren debuteko diskoa, Ask, Hubro norvegiar zigiluak merkaturatu zuen iaz eta oso harrera ona egin zion kritikak.

 

Strobes (Londres, Erresuma Batua)

Dan Nicholls (teklatuak, elektronika), Matt Calvert gitarra, elektronika), Joshua Blackmore (bateria elektronikoa eta akustikoa)

Dan Nicholls soinu-inkisidorea buru dutela, Strobes hiruko britainiarraren egitekoa piztia musikala heztea, etxekotzea da, tresna elektroniko andana batez armaturik eta hainbat generotako esperientzia luzea baliatuz. Konposizio kolektiboaren, estudioko ekoizpenaren, zuzenean sampleatzearen eta bat-bateko jam-saioen bitartez, Strobes esfortzu handiegirik gabe mugitzen da inprobisazio elektronikoaren, polirritmo minimalistaren eta afrikar inspirazioko grooveen artean. Hiru musikari hauek, genero jakin baten loturetatik askaturik, soinu indibiduala eta eklektikoa sortzen dute.

 

Uztailak 23, larunbata

Four Seasons (Graz, Austria)

Gerhard Ornig (tronpeta), Karel Eriksson (tronboia), Vasilis Koutsonanos (baxua), Luis Andre Carneiro de Oliveira (bateria)

Austriako Graz hirian egoitza duen talde batean Grezia, Brasil, Suedia eta Austriako musikariak elkartu izana Europako gaur egungo jazzaren paisaia aldakorraren erakusgarri bat da. Zenbait hiritako musika-kontserbatorioek –Grazekoa da horren adibide– lur emankorra eskaintzen dute hau bezalako talde bikainak haz daitezen, Ornig austriarraren tronpeta eta Eriksson suediarraren tronboia gidari dituztela. Erritmo-oinarri gogorrak eta akorderik gabeko egiturak espazio zabala eratzen dute musikariek beren talentu guztia gara dezaten. Argi geratzen da taldekideek ongi hartzen dutela elkar eta erditzen duten musikak nazioez gaindiko konposizio hori ispilatzen duela.

 

Julian Sartorius (Berna, Suitza)

Julian Sartorius (bateria, perkusioa, jostailuak)

Julian Sartorius bateria-jotzailearen obsesio bakarra erritmoa da. Literalki. Bateriaren eta perkusioko beste hainbat instrumenturen zentimetro bakoitza esploratzeko ahaleginean, Sartorius egunero erritmo berri bat sortzen tematu zen urtebete osoan, eta blog batean dokumentatu zituen bere aurrerapenak xehetasun handiz. Miaketa sistematiko eta jarraitu horri esker, teknika berriak eta ordura arte esploratu gabeko erritmo-lurraldeak aurkitu zituen. Bere erritmoekin new music deituaren, hip-hoparen eta inprobisazio abstraktuaren arteko mugei bultza eginez, Sartoriusek argitara ateratzen ditu perkusioko instrumentuen aukera mugagabeak.

 

Nordmann (Gante, Belgika)

Mattias De Craene (saxo tenorra), Edmund Laurent (gitarra), Dries Geusens (baxua), Elias Devoldere (bateria)

2012an eratutako talde honek ibilbide meteorikoa izan du azken hiru urteotan, neurri handi batean, jazz progresiboa eta rocka nahastu dituelako erabakitasun osoz. Ikuspegi musikal horri esker, Nordmann etengabeko zubigintzan mugitzen da jazzeko eta rockeko zirkuituen artean: jazzeko zenbait sari irabazi dituzte Belgikan eta finalista izan dira rockeko batean; gainera, taldearen lehen diskoa, Alarm arrakastatsua (2015), aldi berean merkaturatu zuten rockeko diskoetxe batek eta jazzeko beste batek.