single

51. Heineken Jazzaldiak agertoki berri bat izango du Konstituzio plazan Skodaren babesari esker

0

Heineken Jazzaldiaren eta Skodaren arteko lankidetza areagotu egin da Jazzaldira agertoki berri bat gehitzearekin: Konstituzio plazako Skoda gunea. Skodak –parte hartzen du, era berean, Victoria Eugenia Antzokiko kontzertuetan eta, aurreko urteetan, San Telmo Museoko emanaldiak sostengatu zituen– handitu egin du horrela Donostiako Jazzaldiari egiten dion ekarpena.
Skoda, gainera, Heineken Jazzaldiko ibilgailu ofiziala da, duela hamar urte baino gehiagotik hona.
Konstituzio plaza –Donostiako Alde Zaharraren bihotzean dago–, esparru bikaina izateaz gainera, jende asko biltzen duen puntua da eta bertako ohiko giro ona are erakargarriago egingo du Skoda guneko musikak uztailaren 22tik 25era artean.
Konstituzio plazako Skoda guneak hamaika kontzertu eskainiko ditu “Jazzetik Soulera” goiburupean: egitarau askotarikoa eta irisgarria, mota guztietako ikus-entzuleentzako egokia eta sarrera librea izango duena.
Heineken Jazzaldiak, era horretan, bere betiko ildoari eusten dio agertokitzat erabili daitezkeen hirigune egokien bila. Hala, Donostiako hogei leku baino gehiago –Haizearen Orrazitik hasi eta Chillida-Lekura iritsi arte, Okendo plazatik Udaletxeko terrazaraino eta Basque Culinary Center-etik Eureka! Zientzia Museoaraino– izan dira noizbait Jazzaldiaren agertoki.

HEMEN egitaraua eta artisten biografia