single

51. Heineken Jazzaldiko Donostiako Jazzaldia Saria Ellis Marsalisentzat izango da

0

51. Heineken Jazzaldiak Ellis Marsalisi emango dio 1994tik urtero ematen duen Donostiako Jazzaldia Sari prestigiotsua. Ellis Marsalis, pianista bikaina ez ezik, musika-hezitzaile aitortua da eta, hori gutxi balitz, Marsalistarren saga entzutetsuaren patriarka. Azken izen honekin, are aberatsago egin da Doc Cheatham handiarekin hasi eta, momentuz, Ellis Marsalisekin ixten den zerrenda distiratsu hau.
Saria plaka dotore bat da non Jazzaldiko agertoki historikoena –Trinitate Plaza– irudikatuta egoteaz gainera, saria emateko arrazoiak agertzen diren, beste batzuen artean, jazzeko ondorengo belaunaldientzat jarraibide izatea.

Ellis Marsalis pianista jazzari hainbat izen handi eman dion Marsalis familiako patriarka da. Jazz modernoko piano-jotzaile onenetako bat izateaz gainera, prestigio handia du hezitzaile musikal modura, hainbat musikari entzutetsuren maisu izan baita. Aipatzekoak dira horien artean Jesse Davis, Terence Blanchard, Donald Harrison, Nicholas Payton eta, jakina, bere lau semeak: Wynton, Branford, Delfeayo eta Jason. Bere egungo laukotearen buruan, duen jakinduria musikal guztia zabaltzen du Ellis Marsalisek.

New Orleanseko Unibertsitateko jazz-ikasketetako katedraren kargu egin ondoren, Tulaneko Unibersitateak honoris causa doktore izendatu zuen jazzari eta musika-irakaskuntzari egindako ekarpenagatik. New Orleanseko eraikin kultural batek haren izena darama. 2011n, Estatu Batuetako National Endowment of Arts erakundeak Jazz Masters titulua eman zien Ellis Marsalisi eta haren semeei.

Cannonball eta Nat Adderleyrekin, Eddie Harrisekin, David “Fathead” Newmanekin, Courtney Pinerekin eta bere semeekin egin ditu grabazioak. Bere izenean atera dituen azkeneko diskoak hauek dira: On The First Occassion (2013) eta On The Second Occassion (2014).

HEMEN Donostiako jazzaldia saria jaso duten artisten zerrenda