single

54. Heineken Jazzaldiko kartela arte-sorkuntzaren gogobetetasuna islatzen duen irudi baikorra da

0

54-HEINEKEN-JAZZALDIA-900x500px

Pedro Parraga da argazkiaren egilea eta Angel Cañok egin du errotulazio lana

“Satisfaction” izenburuko kartela –Pedro Parraga eta Angel Cañoren obra– izango da datorren uztailaren 24tik 28ra Donostian ospatuko den 54. Heineken Jazzaldiaren irudia. Ilustrazioaren oinarria Jahmal Nichols, Gregory Porter-en kontrabaxu-jotzaileari egindako argazki bat da, 2017an Trinitate Plazan eskaini zuten kontzertuan, 52. Heineken Jazzaldiaren barruan.

Pedro Parraga izan zen, Antton Olariagarekin batera, 1986, 1987 eta 1988ko Jazzaldietako kartelen egilea. 80ko hamarraldiaren lehen urteetan hasi zen Jazzaldian argazkiak ateratzen; beraz, hainbat argazki historikoz osatutako bilduma garrantzitsua du jada. Horietako zenbait Jazzaldia 50 liburuan erabili ziren. Esate baterako, liburuaren azala Pedro Parragak Dizzy Gillespieri 1988an egindako argazki bat zen.

Kartelaren errotulazioa Eurosíntesis diseinuko estudioan aritzen den eta jada esperientzia luzea duen Angel Cañoren ardura izan da. Beste hainbat lanen artean, Cañok sortu zuen Zinemaldiaren 60. urteurreneko irudia, eta hainbat ziklotako kartelak egin ditu.

Parragak Jahmal Nicholsi argazkia egin zion momentuan, musikaria ikus-entzuleen txalo-zaparrada jasotzen ari zen, solo distiratsu bat eskaini ostean. Argazkian Nicholsen poza, zoriona eta gizatasuna islatzen dira, baina, batez ere, gogobetetasun amaigabe bat, ongi egindako lanaren sariaren poza. Irudi baikorra da, sentimendu onak transmititzen dituena eta sorkuntza artistikoak berarekin dakarren bake sakon hori ezin hobeto islatzen duena.

Argazki horren gainean, Parragak esku-hartze artistiko bat egin du, komiki grafiko baten testura aplikatuz, transmititu nahi zuen ideian are gehiago sakontzeko.