single

Adrien Brandeis frantses pianista eta konpositoreak irabazi du Europako artista gazteak sustatzea xede duen Rising Stars Jazz Award saria

0

Adrien Brandeis

Adrien Brandeis 26 urteko frantses pianista eta musikagilea izan da azkeneko Rising Stars Jazz Award sariaren irabazlea eta horrek aukera ematen dio Europako jazz-jaialdi puntakoenetatik zazpitan jotzeko, Donostian 2019ko uztailaren 24tik 28ra ospatuko den Heineken Jazzaldia tartean dela.

Adrien Brandeis izan da garaile Europa osotik etorritako 230 artista baino gehiagoren kontrako lehiaketa gogor batean. Sari honen helburua Europako jazzean talentu berriak aurkitzea eta beren karrera garatzen laguntzea da.

Sariaren epaimahaiko kide izan ziren, beste batzuen artean, Jamie Cullum ingeles abeslari eta pianista, egungo jazzeko izar handietako bat; Alex Dutilh, France Musique irratian jazzean espezializatutako Open Jazz irratsaioko aurkezlea; Wulf Müller, Alemaniako OKeh Records diskoetxekoa; eta Karen Frivik kazetaria, Norvegiako NRK irrati publikoan lan egiten duena.

Hona zer adierazi zuen epaimahaiak sarituaren izena iragarri zenean: “Azken errondara talentu eta prestakuntza handiko 25 artistako zerrenda bat iritsi da. Ez da erraza izan irabazlea hautatzea, baina Adrien Brandeisek konbentzitu gaitu bere musikaltasun apartari eta ikuspegi berritzaileari esker. Seguru gaude asko eta ongi hitz egingo dela berari buruz etorkizunean”.

Sariaren barruan sartzen da Adrien Brandeisen musika zabaltzeko eta merkaturatzeko sostengua, Air Artist agentzia entzutetsuaren bitartez, baita Europako zazpi jazz-jaialdi garrantzitsuenetan jotzeko aukera ere. Aipatutako Heineken Jazzaldia ez ezik, zerrendan sartzen dira Nice Jazz Festival (Frantzia), Kongsberg Jazz Festival (Norvegia), JazzOpen (Stuttgart, Alemania), Umbria Jazz (Italia), Leopolis Jazz Festival (Lviv, Ukraina) eta Love Supreme (Erresuma Batua).

Adrien Brandeis Annecyn 1992an jaiotako jazzeko piano-jotzailea eta musikagilea da. Niza eta Pariseko kontserbatorioetan Robert Persi eta Manuel Rochemanekin ikasketak egin ostean, bere lehen albuma, Euforia, ekoiztu eta argitaratu zuen 2018an. Musikari gazte eta aldabera honek –Michel Camilo, Bill Evans edota Chick Corea aipa daitezke Brandeisengan eragina izan dutenen artean– jazz tradizionala konbinatzen du beste joera moderno batzuekin, jazza, musika latinoa eta afrokaribetarra barne direla. Lirismo handia du pianoa jotzeko orduan, eta kutsu urbano bat eransten dio.

Ondorengo helbide honetan dasta daiteke Adrien Brandeisen musika: https://www.youtube.com/watch?v=-lBgoubq3po