single

Artista bikainak. Guztiak.

0

benny imagen destacada

Salvador Sobral indar betean dago. Badaki bere momentua dela eta oso ongi ari da lanean. Ikus-entzuleekin ezin hobeto komunikatzen da, ahots-baliabide ukaezinak ditu eta erraz mugitzen da jazzaren, bossaren eta baladaren artean, Julio Resende pianista handia lagun duela. Arma horiekin guztiekin Trinitate Plaza jada errendituta zeukala, saioa errematatzeko, Mikel Laboaren Txoria txori interpretatu zuen pianoan, euskal kulturari keinu bat eginez.

Sobral harrituta agertu zen emanaldiaren bezperan Benny Greenen ondoren abestu behar zuelako, hain zuzen, gogokoen duen jazzeko musikarietako bat baita. Greenek, bere hirukoaren buruan, kontzertu ederra eta bariatua eman zuen, klasizismoaren mugetatik asko urrundu gabe.

Kursaal Auditorioan, Kenny Barronek bere boskotearekin –a zer boskotea, bide batez esanda– eman zuen kontzertuak txundituta utzi zituen ikus-entzuleak. Barron dugu pianista beteranoen artean dotoreenetakoa, geratzen den dotoreena, agian, Hank Jones handia desagertu zenetik.

Cécile McLorin Salvantek Victoria Eugenian eman zuen bere bigarren kontzertua, bezperan Trinitate Plazan eskainitako emanaldi zirraragarriaren ostean. Eta hau ere aparta izan zen, beste errepertorio batekin, hiru abesti baizik ez baitzituen errepikatu. Horrela erakutsi zuen asko duela eskaintzeko, eta dena ona.

Naïsam Jalal txirulariak ere asko dauka esateko bere nay edo arabiar txirularen inguruan antolatu duen taldearekin, non Ekialde Hurbileko eta Europako arima musikalak biltzen baititu.

Oso ondo ari diren beste batzuk Morgan taldekoak dira, zeina azken urte honetako Espainiako talde errebelazioa izan baita. Milaka jarraitzaile bildu zituzten Agertoki Berdean atzo iluntzean emandako kontzertuan, eta guztiak pozik joan ziren.

San Telmo Museoan ez dira milaka kabitzen; berrehun baizik ez. Egunero betetzen da Patri Goialderen jazzari buruzko hitzaldi interesgarria eta ondorengo kontzertua entzuteko. Atzo, Andrzej Olejniczak poloniar saxofonista eta hark eginiko Chopinen berrinterpretazioa izan ziren protagonista.