single

Artisten maila aparta eta publikoaren harrera beroa 54. Heineken Jazzaldiaren ezaugarri nagusi

0

Charles-McPherson-Quartet_web

168.000 entzule izan dira kontzertuetan

55. Heineken Jazzaldia 2020ko uztailaren 22tik 26ra izango da

Maila artistikoari dagokionez, 54. Heineken Jazzaldia apartekoa izan da. Kontzertuak zoragarriak izan dira publikoaren eta, oro har, adituen iritziz. Zaila da batzuk nabarmentzea, baina ez da zalantzarik Maria Schneider-ek, Atomic-ek eta John Zorn-en Bagatelles Marathon proposamenak bereziki egin zutela distira.

Maria Schneider musikagile, moldatzaile eta zuzendaria liluragarria da. Ñabardura guztiak xehe ematen dituen orkestra behar izaten du alboan bere lana gorenera eramateko eta horixe eskaini zion Ensemble Denada talde norvegiarrak: orkestra sendo eta sotila, musikari bikainez osatua. Trinitate Plazan eskaini zuten kontzertua ez dugu erraz ahaztuko, ez horixe.

John Zorn-en Bagatelles Marathon gogoan iltzatuta geratuko zaigu luzerako. Zornen unibertso zabal eta konplexuaz gozatu ahal izan genuen, hamalau talde ezberdinetan aritu ziren hemeretzi musikarik eskaini zituzten bi kontzertu bakanetan.

John Zornek jaso du aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria, jazzaren historian, bilakaeran eta transmisioan egindako lan eskergari esker onez. Bejondeiola!

Atomic berez talde berritzaile, ipurterre eta joria da eta Trondheim Jazz Orchestra norvegiarrarekin elkartzen denean txundigarria da emaitza. Eta halaxe geratu zen Kursaal Auditoriko entzuleria: aho bete hortz.

Ezin aipatu gabe utzi Houston Person eta Charles McPherson saxofoi-jotzaile itzelak, laster desagertuko den belaunaldi dotorearen lekuko direnak. Baladak interpretatzeko duten modua ez dago imitatzerik; musikari jakintsu eta apainak dira eta entzuleek ederki gozatu zuten haien emanaldi paregabeez.

Arrakasta handiko beste artista ugari zeuden jaialdiko egitarauaren buru: Jamie Cullum, Joe Jackson, Diana Krall eta Sílvia Pérez Cruz, Toquinho eta Javier Colina. Jendetza batzen dutelako eta gorputz eta arima aritzen direlako dira ezagun. Ez zuten hutsik egin, dena eta gehiago eman zuten. Joan Baezen kontzertuak txiki utzi zuen leporaino beteta zegoen Zurriola hondartza. Bihotzeraino heldu zitzaigun mitoaren emanaldia, artista konprometituaren “Fare Thee Well” agur birako azken-hirugarren kontzertua.

Japoniako zikloak arrakasta handia izan du. Sorpresa handia izan da eta japoniar jazzaren maila apartekoa ezagutzeko aukera eman du. Chihiro Yamanaka eta Ai Kuwabara piano-jotzaileek emanaldi zoragarriak eskaini zituzten eta Rei gitarrista fresko eta alaiak publikoa txunditu zuen.

Oso pozik gaude. Geroz eta emakume gehiago daude euskal musika taldeetan, kalitate itzelekoak gainera eta lehen lerroan kementsu; agerikoa da jazz taldeetan (Reunion Big Band, Lurpekariak, Juan José Cabillas with Strings, The Funk & Risketeers…), rock eremuko taldeetan (Belako, Nøgen) edota bakarkako proiektuetan (Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya).

Publikoak aparteko aipamena merezi du; haren fideltasuna eta jarrera ona saritzeko modukoak dira. Eguraldi ona izan dugunean, jendetza batu da giro paregabe eta jatorrean. Eta eguraldia eskasa izan denetan, jendea ez da kikildu, antolatzaileek banatutako zirak jantzi dituzte eta eguraldiari egin diote aurre, musikariak euren onena ematera bultzatuz.

Aurten, euri zaparrada gogorrak eta haize bortitza izan ditugu kontra. Eragozpen ugari sortzeaz gain, lehen eguneko Jazz Band Ball jendetsuak iragartzen zuen entzule marka gainditzea galarazi digu. Hala eta guztiz ere, kontzertuetara gerturatutako 168.000 entzuleek Heineken Jazzaldia ekitaldi herrikoi eta parte-hartzailea dela ikusarazi dute.

Halaber, aipatzekoa eta eskertzekoa da jaialdiko taldeak egun hauetan zehar burutu duen lana. Eszenatoki ezberdinetako arduradun gazteek (emakumeak gehienak), langile prestuak lagun zituztela, trebezia handiz egin diete aurre eguraldi txarrak eragindako eragozpenei.

Jaialdi hau ez du ez inork ez ezerk geldituko. Abian dira dagoeneko 55. ediziorako prestaketa lanak eta erronka zail eta bizigarria dugu aurrean: hurrengo urteko Heineken Jazzaldia are hobea izatea.