single

Brad Mehldau, Cécile McLorin Salvant, Noa, Bill Frisell, Mulatu Astatke, Gonzalo Rubalcaba, Sílvia Pérez Cruz eta Kenny Barron izango dira, besteren artean, 56. Jazzaldiko programan

0

froga1

Jaialdia uztailaren 21etik 25era egingo da eta sarrerak datozen asteetan jarriko dira salgai

Zuhur jokatzeko garaia da; baina baita eskaintza kulturala mantentzeko, distantziarekin, kontu handiz eta maskara jantzita elkartzeko, Musikaz gozatzearren.

Hemen aurkezten dugu Donostiako 56. Jazzaldia. Salbuespen guztiekin. Ez dakigu oraindik zeintzuk izango diren edukierak eta ordutegiak, eta ez dakigu denok lekualdatu ahal izango garen nahiera. Oraindik aste batzuk zain egon beharko.

Ondoren aipatzen ditugun artista hauek baieztatu digute jada 56. Jazzaldira etorri nahi dutela. Horregatik, ilusioz dakarzkizuegu haien izenak, jakinaren gainean egon zaitezten.

Emakumezko ahotsen Jazzaldi bat izango da aurtengoa: Cécile McLorin Salvant bikaina; Noa, pianista donostiar Iñaki Salvadorrek lagunduta; Buika, sentsuala eta gozoa; Arlo Parks, Londresko sentsazio berria; Aymée Nuviola kubatarra; eta, jakina, Sílvia Pérez Cruz, Farsa Circus Band taldearekin.

Pianisten Jazzaldia ere izango da. Aipatutako Iñaki Salvadorrez gain, izen gehiago ditugu: Italiatik, Franco D’Andrea, musikari transalpinoen dekano loriatsua, eta Giovanni Guidi, Jazz europarraren izar sortu berria; Brad Mehldau jeinua; Kenny Barron ezinbestekoa eta bikaina; Gonzalo Rubalcaba, Karibeko birtuoso gorena; Marcin Masecki poloniarra, moldakorra eta ezustekoa; eta Marco Mezquida, bere proiektu berriarekin, pauso bat gehiago musikaren izartegirako bere goranzko ibilbide etengabean.

Dave Douglas, tronpetista magistrala; Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionista etiopiarra; Dave Holland baxu gailena; Jean Toussaint saxofonista, Art Blakeyren Jazz Messengers-en akademiako dizipulua; Eric Seva saxofonista, Summit diskoari eskainitako omenaldi zoragarri batekin, non beren soinuak eta ideiak bat egin zituzten Gerry Mulliganek eta Astor Piazzollak; Naïssam Jalal flautista harrigarria eta Bill Frisell gitarrista dira beste musikarietako batzuk, datorren 56. Jazzaldian gure artean izan eta parte hartuko dutela hitz eman digutenak.

Gainera, musikari espainiar ugari izango ditugu: duela gutxi 19 talde hautatuen zerrenda bat argitara atera genuen, azken hilabeteotan izandako hautaketa-prozesuen ondoren; haiei gehituko zaizkie Jorge Pardo maisua, Niño Joselek lagunduta, Chick Corea oroitzeko; La Locomotora Negra, Kataluniako Jazz taldeen dekanoa, agurra emateko bere biran; eta JazzEñen parte hartzeko hautatu diren 8 taldeak.

Programazioa gaixotasunak eta bere ondorioek izango duten eboluzioaren itzalean, babesturik, eskaini ahal izatea espero dugu. Zaindu, hala, denon artean, indize madarikatu horiek jaisteko, osasuntsu egoteko, eta horrela, programa honekin gozatu ahal izateko.

 

Miguel Martín

Donostiako Jazzaldiko zuzendaria