single

KONTZERTU AHAZTEZINAK AGERTOKI GUZTIETAN ETA IKUSLEEN ERANTZUN BIKAINA IZARREZ BETERIKO EDIZIO BATEAN

0

azken berria56. Jazzaldia arrakastatsua izan da. Jazzaren zaleek modu eredugarrian erantzun dute, gogo handiz eta eszenatoki guztietako sarrerak agortuta, beti ardura handiz, eta osasun eta segurtasun neurriak uneoro betez. Sarrera guztiak ordainpeko 27 kontzertuetatik 15etan saldu dira: 5 Trinitate Plaza Keler, 5 Škoda San Telmo Museoan, 3 Kutxabank Kursaal Auditorioaren 5 kontzertuetatik, 1 Chillida Lekun eta 1 Victoria Eugenia Antzokian. Oro har, ordainpeko 27 kontzertuek % 90eko salmenta-ehunekoa lortu dute.

 

Trinitate Plaza Kelerrek 10 kontzertu hartu ditu eta ikus-entzuleek 750 laguneko edukiera bete dute.

Dave Douglas eta Franco d ‘Andrea izan ziren lehenak, kontzertu gogoangarri batekin, elkarrizketa musikal irudimentsu eta zoragarria egin zuten. Cécile McLorin Salvant, Jazzeko emakumezko ahotsik interesgarrienetako bat, Sullivan Fortner pianoan lagun zuela, aparteko kontzertua eskaini zuen.

Ostegunean, uztailaren 22an, kubatar gau handi batez gozatu ahal izan genuen, non bi piano-jotzaileak zirimiri donostiarari gailendu zitzaizkion. Gonzalo Rubalcabarekin hasi zen gaua, pianoan, eta Aymée Nuviola ahots ikusgarriarekin. Chucho Valdés piano jotzaile kubatarrak, hunkituta, bere aitari, Bebo Valdési, duela 18 urte eman zioten Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen, eta, ondoren, latin Jazzeko piano-jotzaile onenetakoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen.

Ostiralean, uztailaren 23an, bi jenioz gozatu ahal izan genuen pianoan: Marco Mezquidak, pozik, Talismán bere azken proiektua aurkeztu zigun. Ondoren, Kenny Barron maisuen maisuak, Jazz gau zoragarria eskaini zigun, Steve Nelson bibrafonista bikainak eta Peter Washington kontrabaxu jotzaile apartak eta Jonathan Blake bateria-jole erraldoiak lagunduta.

Larunbatean, uztailak 24, bi emakume izan ziren protagonista: Naïssam Jalal, bere Rythms of Resistance taldeaz lagunduta, eta Noaren ahots paregabea; Gil Dorren gitarrarekin eta Iñaki Salvadorren pianoarekin batera. Elkarrekin, giroa magia beroz eta lasaitasun bikainez betez; publikoa liluratu zuten. Azkenik, uztailaren 25ean, Brad Mehldau piano-jotzailea, lirikoa eta bikaina, eta Bill Frisell gitarra-jotzailea, magistrala eta bere sonoritatean bakarra. Jazzaldiaren eszenatoki sinbolikoenak kalitate artistiko goreneko une ahaztezinak eskaini zituen.

 

Kutxabank Kursaal Auditorioan 5 kontzertu handi ikusteko aukera izan dugu: José Jamesek, estilo eta karismaz beteriko bere ahots ikusgarriarekin, goi mailako emanaldia eskaini zuen. Buikak, bere estilo guztiz pertsonalarekin, publikoa txunditu zuen. Publikoa kantari balearra ikusteko irrikitan zen eta sarrerak zenbait egun lehenago agortu zituen. Jorge Pardo eta Niño Joselek bere lagun Chick Coreari omendu zuten. Giovanni Guidi piano-jotzaile italiar gazte eta distiratsua, seikote txundigarri baten buru, Jazzaldiaren edizio honetako kontzertu hoberenetakoa eman zuen. Sílvia Pérez Cruzek, heldutasun handiko une batean, bere abestirik berrienak interpretatu zituen Farsa Circus Band taldearekin, edertasun eta sentiberatasunez beteriko kontzertu delikatu eta sotil batean.

 

Uztailaren 21ean, FCC Victoria Eugenia Antzokian, La Locomotora Negra taldeak Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen eta, ondoren, bere musikariek kontzertu zoragarri bat eskaini zuten, erretiratzea erabaki duten arren, sasoi betean jarraitzen dutela erakutsiz. Uztailak 22tik 25era, Jazzaldiak, SGAE Fundazioak antolatutako JazzEñeren zazpigarren edizioari leku egin zion. Lau saio bikoitz izan ziren, Jazz hispanoaren gauzarik aipagarrienak bildu zituztenak: Ariel Brínguez Quintet, Caminero Quintet, Daniel García eta Chano Domínguez piano-jotzaile handien hirukoteak; Smack Dab, Sumrrá , Alba Careta eta María “La Mónica eta Javier Galianak sortutako Manolo y Curra proiektua.

 

Goizero,San Telmo Museoko klaustroan, zaleek 120 lagunentzako lekua agortu zuten pianoaz gozatzeko, akonpainamendurik gabe eta leku paregabe batean, giro intimo eta goxoarekin. Franco d ‘Andreak, Jazz italiarraren maisuak, bere dotoreziarekin hunkitu gintuen. Marcin Masecki poloniarrak, Thelonious Monk handia omendu zuen lehen egunean, eta ragtime-a ekarri zuen gogora, bigarrenean; bertaratutakoen oroimenean geratuko diren bi kontzertu. Marko Mezquida maisuki aritu zen eta publikoak eskertu egin zion txalo zaparrada luzearekin. Amaitzeko, Iñaki Salvadorrek miresten dituen musikagileei keinu ugari egin zizkien: Chick Corea, Keith Jarrett, Bach eta Duke Ellington.

 

Aurten bi kontzertu egin dira Chillida Lekun, artez eta naturaz inguratutako agertoki paregabe batean. Lehen egunean, Cécile McLorin Salvant abeslariak bertaratutakoak asebete zituen, bertako giro bukolikoarekin bikain uztartzen zuen musika batekin. Hilaren 24an, Marc Ribotek, Ceramic Dog hirukotearekin, kontzertu bikain eta kementsua eskaini zigun, non gitarrista eta abeslariak bere alderik borrokalari eta aldarrikatzaileena erakutsi zuen.

 

Doako 25 kontzertu egin dira Frigo Gunean eta Guuk Gunean, askotan, 800 lagunentzako gehieneko edukiera osatuta. Aurtengo ediziorako aukeratutako 19 talde lokalen emanaldiez gozatu ahal izan dugu. Horiez gain, Jean Toussaint eta Éric Sevaren boskoteak ere izan dira guneotan.

 

TxikiJazz taldeak goizeko 4 kontzertu eskaini ditu, bi Guuk Gunean eta beste bi Kutxa Kultur Tabakaleran. Haurrek, familia giroan, Hollywood Band Kids, Swingtronics, Ghost Number eta Oreka TX taldeen musikarekin gozatu ahal izan dute.

 

Aurten 18 kontzertu eman dira streaming bidez, 9 Keler plazatik eta 9 Victoria Eugenia Antzokitik. Gaur egun, edizio honetako kontzertuen 12.000 bistaratze baino gehiago daramatzagu Youtubeko gure kanalean (Jazzaldia – Donostia). Gainera, edizio honetan, Guukek garatutako aplikazio bat estreinatu dugu eta sare sozialetan 37.000 jarraitzaile izatera iritsi gara.

 

Jazzaldiaren hurrengo edizioa 2022ko uztailaren 21etik 25era izango da eta baldintza postpandemikoetan egitea espero dugu.