single

Egun bizi, apurtzaile eta anitza

0

joshua

Zurrunbiloa ekarri zuten atzo Atomic eta Trondheim Jazz Orchestrak Kursaalera. Egiten dutenak jazz free-a dirudi, baina musika hori aurrez zehatz-mehatz idatzitakoa da. Kontzertu bizia izan zen, adi egotea eskatzen zuena; musikari eskandinaviarrek goi mailakoak direla utzi zuten agerian.

Trinitate Plazako kontzertua ere intentsitate handikoa izan zen. Joshua Redman 90eko hamarkadan loratutako saxofoi-jotzaile puntakoena da. Entzuleak beti utzi ditu pozik Heineken Jazzaldian eman dituen kontzertu guztietan. Atzokoan, aparteko hiru musikariz lagunduta etorri zen (Scott Colley, Ron Miles y Dave King), kritikariek laudatu duten Still Dreaming diskoa aurkeztera.

Unspeakable Garbage Mostly Other People Do the Killing modako talde estatubatuarraren spin-off modukoa da. Moopa Elliott-ek eta Ron Stabinsky-k gidatzen duten MOPDtK taldea soinu-lehergailua da, bakana. Zoritxarrez, euriak festa lehertu zuen eta entzule ugarik plaza utzi behar izan zuen.

Kimika handia dago Martirio kopla espainiar kantari adierazkorraren eta eta Chano Domínguez jazz pianistaren artean. Duela hogeitahiru urte gure jaialdian Coplas de madrugá lana aurkeztu zuten eta atzo Bola de Nieve musikari kubatarraren omenez prestatu duten proiektu berria ekarri zuten; Victoria Eugeniako publikoa zoratzen utzi zuten, berriz ere.

Chihiro Yamanaka piano-jotzailea jazz japoniarreko funtsezko artista da. Oscar Peterson-en eragin handia duen soinu klasikotik abiatuta, bere musikak bide berriak urratu ditu. Publikoak gozatua hartu zuen Victoria Eugenia Antzokian eman zuen kontzertuarekin.

Agertoki Berdeak eguraldia izan zuen kontra, baina bertaratu ziren zale fidelak gustura geratu ziren. Jaime Stinus gitarrista donostiar gogoangarriak eta Xavi Vidal kantari katalanak aurkeztu zuten Canvis proiektuak ez zien hutsik egin. Eta ondoren, Neneh Cherryk poltsikoan sartu zituen, Broken Politics diskoa ardatz izan zuen emanaldi apurtzailean.