single

DONOSTIAKO JAZZALDIAK 2020an BUKATU GABE UTZITAKO TOKIKO TALDEEN HAUTAKETA PROZESUA OSATUKO DU

0

Les Fous_25_© lolo vasco 900x500 web orrirako
Argazkia: Les Fous

Donostiako Jazzaldiak hamar emanaldi erreserbatzen ditu urtero Tokiko Taldeen Hautaketa prozesuaren bidez aukeratutako musika taldeentzat. Gipuzkoako Foru Aldundia da hautaketaren babesle berezia, Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan, musikaren eta arte eszenikoen arloetan Gipuzkoako talentu gazteak bultzatzea eta Gipuzkoako eszena dinamizatzea helburu hartuta, klubei eta antolatzaileei babesa emateko.

2006an hasi zen ekimen hau, Euskadiko jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko, eta arrakasta handiz jarraitu du harrezkero. Aurten ere, 56. Jazzaldiak tokiko hamar jazz talde hartuko ditu bere programazioaren barruan.

2020an Donostiako Jazzaldiak egindako deialdira aurkeztutako proposamen guztien artetik, 15 talde hautagai aukeratu zituen Jazzaldiak, aurkeztu zuten musikaren kalitatea eta jaialdiaren programazio lerrora egokitzen zirela kontuan hartuta. Hamabost talde horietatik hamabik eskeini zituzten emanaldiak Covid-19ren pandemiagatik kontzertuak eten behar izan aurretik (Horda, The Herman Family Singers, Swingtronics, Dos, No More Blues, Mojo Hand, Origen, Asier Ardaiz & Friends, Los Juanes, Hutsun Txalaparta – J.E.L. Trío, Oblivion eta Monk’s Sphere).

Iaz hasitako prozesu hura amaitzeari ekingo diogu orain eta, hartara, parte hartu ezin izan zuten hiru taldeek kontzertu bana eskainiko dute otsailean. Emanaldiak Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan eskainiko dira:

– De 2 En Blues Band – otsailaren 9an, 19:00etan

– No More Jazz Brass Band – otsailaren 16an, 19:00etan

– Les Fous – otsailaren 23an, 19:00etan

Emanaldi bakoitzerako sarrerak dohainik dira. Pertsona bakoitzeko bi sarrera eskuratu ahal izango dira (edukiera bete artean), kontzertu bakoitzaren egun berean, 17:00etatik aurrera, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.

Emanaldi horien ondoren, 2021eko Jazzaldiko programazioaren barruan hartuko diren hamar taldeak aukeratuko dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Talde hautatuek 56.Jazzaldian, uztailaren 21etik 25era, emango dituzte kontzertuak.

2020an, 55. Jazzaldian, Tokiko Taldeen Hautaketarik egin ez zen arren, 19 euskal taldek eta bakarlarik parte hartu zuten jaialdiko eszenatoki desberdinetan.

 

De 2 En Blues Band

Otsailaren 9an, 19:00etan -Club Aretoa (Victoria Eugenia Antzokia)

Miguel Angel González (ahotsa), Mariano Berástegui (gitarra), Alberto Navascués (pianoa, Hammond organoa), Patxi Ruiz (harmonika, gitarra, ahotsa), Sergio Pérez (baxua), Alfredo Olaverri (bateria, ahotsa)

Nafarroako talde hau 1989an sortu zen. Lau disko dituzte kaleratuta, guztiak zuzeneko emanaldietan grabatuak. Blues, rhythm & blues eta blues & soul dira taldearen estiloa osatzen dutenak. Aurretik, bi aldiz parte hartu izan dute Jazzaldian.

Youtube

 IMAGEN PARA NOTICIA WEB D2 EN BLUEN BANDArgazkia: D2 En Blues Band

No More Jazz Brass Band

Otsailaren 16an, 19:00 -Club Aretoa (Victoria Eugenia Antzokia)

Eduardo Saborit (perkusioa), Daniel Pimenta (perkusioa), Guillermo Elizaga (perkusioa), Nicolás Andino (tronpeta), Jesús Bustos (tronpeta), Jon Viejo (tronpeta), Gaizka Otsoa (tronboia), Adrián Martínez (tronboia), Alberto Martínez (tronboia), Eolo Andino (saxoa), Álvaro Zarzuela (helikoia)

No More Jazz Brass Band 2018ko urrian sortu zen. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko (Musikene) Jazz Saileko 11 ikaslek eratu zuten, New Orleanseko marching band tradizional bat sortzeko eta Mardi Gras munduan murgiltzeko nahiak bultzatuta. Banda mitikoen ‒besteak beste, Hot 8 Brass Band eta Rebirth Brass Band‒ musikara hurbiltzen da talde honen musika.

Oraingoan musika-koktel bat prestatu dute, non bat egiten dituzten Ipar Amerikako tradizioari lotutako gaiak eta eurek sortutakoak, baita euskal herri-kanta batzuk ere. Emozioz eta bizitasunez beteriko kontzertu bat, alegia.

Instagram:  @nomorejazzbb

Facebook:  @nomorejazz

SoundCloud

Youtube

 No More Jazz Band para web 900x500Argazkia: No More Jazz Brass Band

Les Fous

Otsailaren 23an, 19:00 -Club Aretoa (Victoria Eugenia Antzokia)

Santi Romano (konposizioa, ahotsa, pianoa), Noa Eguiguren (ahotsa, perkusioa), Olatz Otxoa (Otxi) (ahotsa, perkusioa)

Ahots-hirukote gisa sortu zen 2011n, Santi Romanok eta Ainhoa “Noa” Eguigurenek ezagutu zutenean Olatz Otxoa “Otxi”; izan ere, hark ematen dio taldeari erotasun hori, eta hortik dator ere izena: Les Fous (Eroak). Harrezkero hasi ziren forma ematen orain bereizgarri duten soinu horri: fusio bat R&B, pop eta soul artean. Taldearen bigarren EPak, Feel Finek (2015), ate ugari zabaldu zizkien, haien artean Jazzaldikoak; 2016, 2017, 2018 eta 2020an eman zituzten kontzertuak jaialdi honetan.

Hiru disko dituzte kaleratuta eta ia 10 urtez jardun dute jada elkarrekin jotzen. Orain, 2021ean, beren hasierako soinura bueltatu da taldea, ahots-hirukote gisa, pianoak eta perkusio akustikoak lagunduta, eta “a capella”-n eta bere estilo R&B-Pop horren bertsio intimo eta akustikoago batean espezializatuta.

Zuzeneko emanaldietan, kideen naturaltasunagatik bereizten da taldea: espontaneoak eta jostariak dira eta, ezaugarri horiei beren abestien (gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz) mezua eta ahotsen harmonia-jokoak gehituta, ematen dituzten kontzertuak beti dira dibertigarriak eta interesgarriak publiko guztientzat.

Facebook

Youtube 1

Youtube 2

Cartela sareweb orrirako 900x500Argazkia: Les Fous