single

EMAKUME AHOTSAK NAGUSI

0

Mariza canta a Amalia_01_© lolo vasco

Atzo amaitu zen San Telmo Museoko klaustroan egin den piano-solo zikloa, oraingoan Mikel Azpiroz donostiarrak eskainitako kontzertu batekin eta sarrera guztiak salduta. Lekua benetan paregabea da, eta goizean, Alde Zaharreko elizetako kanpaien urruneko oihartzunarekin, klaustroko belar freskoarekin eta brisa atsegin batekin, ihes egin ahal izateko leku ezin hobea eskaintzen digu eta beste garai batera eramaten gaitu. Musikaren itsasoan galtzeko toki ezin hobea da. Benetako plazerra. Azpirozek konposizio propioak interpretatu zituen, inpresionismotik bluesera, Jazzetik pasatuz, nola ez; geltoki ezberdinez osatutako ibilbidea osatu zuen, kontzertu lasai eta intimoa, piezak bata bestearen atzetik maisuki lotuz.
Eguerdian, The Binilo ‘s taldeak Frigo Gunean jo zuen, Txikijazzen zortzigarren edizioko lau kontzertuetatik hirugarrena eskainiz. Txiki eta handiek izugarri gozatu zuten talde honen musikarekin, dotoreziarekin eta begikotasunarekin; joan den mendearen erdialdeko irratsaioen inguruko ikuskizun parte-hartzailea eskaini zuten.

Ordu erdi geroago hasi zen, Victoria Eugenia Antzokian, Jorge Pardok Iñaki Salvadorrekin eman zuen kontzertua. Miguel Martínen eskutik, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen Pardok, eta bere ibilbidean zehar lan egin duen musikari guztiei eman zizkien eskerrak, emozioz eta umore ukituarekin. Pardo flauta eta saxoan, eta Salvador pianoan, Gonzalo Tejada baxuan eta Borja Barrueta baterian izan ziren. Segundo batzuk nahikoa izan ziren denok kalitate goreneko formazio baten aurrean geundela konturatzeko, Iñaki Salvador sasoi betean eta Jorge Pardo ikaragarriarekin. Azken opari gisa, Camarónen Volando voy lanaren bertsio zoragarri bat eskaini zuten, antzokiko entzuleria zutik zela.  Irteeran mundu guztia irribarre ezabaezin batekin eta kantatzen zegoen: “volando voy, volando “.

The Binilo’s taldeko Irantzu Garamendik goizean kantatu zuen Txikijazzen, eta arratsaldean ere emakumeak izan ziren protagonista. Kursaaleko Terrazetan Les Fous (Noa Eguiguren eta Otxi), Sara Zozaya eta Matilda (Maria Amolategi). Eta agertoki handietan berdin: Sílvia Pérez Cruz Kursaal Auditorioan eta Mariza Trinitate Plazan.

Sílvia Pérez Cruzek eta Marco Mezquidak erabat bete zituzten Kursaal Auditorioko 950 eserlekuak. Pérez Cruzek kontatu zuen hau zela bere lehen kontzertua konfinamendutik, eta eskerrak eman zizkien ikusleei eta Jazzaldiari berriz ere zuzenean kantatzeko aukera emateagatik. Kontzertua hunkigarria izan zen. Bere ahots apartarekin, eta pianoan Marco Mezquida bikain batek lagunduta, katalanez, ingelesez, euskaraz, gaztelaniaz, japonieraz abestu zuen, hizkuntza edozein zela ere, beti presente egon zena ahots sinestezin horren sentimendua, sentiberatasuna eta emozioa izan zen. Une ahaztezin gisa, Mikel Laboaren Txoria txori lanaren bertsio zoragarria geratuko zaigu; izan ere, entzuleak ere abesten lagun zituela kantatu zuen artista katalanak.

Eta eguna amaitzeko, “Trinin”, beste emakume batek, Marizak, talentua, indarra, emozioa eta sinpatia erakutsi zituen. Diva portugaldarrak lepo zegoen plaza liluratu zuen, Amália Rodriguesi eskainitako kontzertuan. Bere ahots sakon, indartsu eta aldi berean delikatuarekin, Marizak musikalki ez ezik, ia teatralki ere interpretatu zuen, mina, amorrua, etsipena, poza, maitasuna, sufrimendua… bere eginez, ahotsarekin bezainbeste bere keinuekin, eskuekin, mugimenduekin ere adieraziz. Zurrunbilo baten gisa, Mariza oholtzatik jaitsi eta ikusleen artetik kantatu zuen. Entzuleek, aho bete hortz zirela, kontzertu ahaztezinaz gozatu zuten.

Trinitateko saioa Carles Benaventen hirukotearen emanaldiarekin hasi zen. Saioa Carles Benaventen trioaren emanaldiarekin hasi zen, sarri imitatu eta gutxitan berdindutako estiloaren aitzindari eta  ereduaren hirukotearekin. Roger Mas pianoan eta Aleix Tobias perkusioan euskarri paregabeak izan ziren bost harien jeinuaren musika garatzeko.