single

Ez da huskeria, urrea baizik

0

ZORN-WEB

John Zornek ukitzen duena urre bihurtzen du. Jazz garaikideko musikagile nekaezina da, musikariak hautatzen oso trebea eta banda zuzendari zorrotza. The Bagatelles, bere azken konposizio liburua Bagatelles Marathon izeneko kontzertu bilakatu du. Zazpi talde desberdin, hemeretzi musikari eta bi ordu eta erdiko etengabeko musika zaparrada. Denak du bere lekua John Zorn-en eta bere musikarien unibertsoan; kalitate apartekoa bada soilik, jakina.

Diana Krall izan zen gaueko beste protagonista. Krall beti da protagonista, edonora doala. Luxua da bera Donostian izatea. Sarrerak agortu zituen, eta entzuleen eta kritikaren harrera ikusita, hala egingo du etortzen den aldiro.

Ai Kuwabara piano-jotzaile japoniarra harribitxia da. Publikoa esne mamitan zegoen Victoria Eugenia Antzokian, ezin sinetsirik. Teknika bikaina eta birtuosismo erabatekoa du, bietarik du Kuwabarak. Eta gainera, jazzeko abesti klasikoak modu magikoan interpretatu zituen, akademizismotik aldenduz.

Trinitate Plazan, entzuleek ez dute Diana Krallekin bakarrik gozatu: Houston Person saxofoi-jotzaile handiak kontzertu gogoangarria eman zuen, baladak beteranoek bakarrik dakiten moduan interpretatuz. Saxofoi-jotzaileen eguna izan zen atzokoa, eta ez nolanahikoak gainera. Charles McPherson beteranoak kontzertutzarra eskaini zuen Victoria Eugenia Antzokian.

San Telmo Museoko formatu txikiko kontzertuek harrera oso ona izan dute. Atzokoan Baldo Martínezen eta bere taldearen txanda izan zen eta argi utzi zuen kontrabaxu-jotzaile galiziarrak Espainiako jazz garaikideko musikari gailenetakoa dela.