single

Gorazarre aniztasunari

0

Rubén Blades público

Heineken Jazzaldiak aniztasun kultural eta sozialaren ispilu izan nahi du, eta soberan lortu zuen asmo hori bere lehen egunean. Musika-aniztasuna, jatorri-aniztasuna, ikus-entzule aniztasuna eta adin-aniztasuna; baina, kasu honetan, ñabardura esanguratsu batekin: musikari gazteak gehiengoa izan ziren inaugurazioko Jazz Band Ball-ean; horrek esan nahi du belaunaldi-errelebo esperantzagarria ari dela gauzatzen jazzaren munduan.

Gazteak ziren, era berean, Ruben Bladesen saltsa dantzatzera Zurriolako hondartzan bildu ziren pertsona gehienak; baina Blades ez zegoen bakarrik, Roberto Delgadoren orkestra izan zuen lagun, haize-sekzio distiratsu batekin. Ikus-entzuleen artean, europarren eta latinoamerikarren arteko nahas-mahas polita, azkeneko hauek pozak txoratzen beren idoloetako baten aurrean.

Gaztea da, oso gaztea –18 urte–, Tom Ibarra frantses gitarrista ere, nahiz eta gai den pisu handiko boskote baten buruan jotzeko. Gauza bera esan liteke beste gitarrista batez, Julian Lage. Zertxobait beteranoagoa eta ideia propioak dituen musikaria da, bere hirukoaren aitzindaritzan. GoGo Penguin hiruko britainiarra da jazzeko belaunaldi-erreleboaren beste adibide on bat: jazzaren muina ezagutzen du eta eraldatzeko gai da. Beste hiruko bat, oso bestelakoa, Too Many Zooz taldea da: lotsagabea formetan eta erritmo atergabean oinarritzen duen musikan.

Aparteko aipamena merezi du Endangered Blood laukote ahaltsuak, zeina Jim Black, Chris Speed, Oscar Noriega eta Trevor Dunn-ek osatzen duten. Baita Trizak hirukoak ere, Hasier Oleaga, Jon Piris eta Julen Izarrak osatua, zeinak argi erakusten baitu heldutasun betean dagoela euskal jazza.

Jazz Band Ball-eko festa, oraingoan, ez zen Zurriolara eta Kursaalera mugatu. Alderdi Ederreraino iritsi zen, publikoaren erantzun bikainarekin, eta Nauticoolera, ilunabar hain ederrak dituen agertoki horretara. Aurrez, atariko bikaina eskaini zen San Telmo Museoan, momentu ezin hobean dauden bi tronboi-jotzaileren –Conrad Herwig eta Carlos Martin– kontzertu apartarekin. Haren aurretik, Duke Ellington-i buruzko hitzaldi guztiz interesgarria eman zuen Patri Gioalde Musikeneko irakasleak.

Gau biribila, musika desberdinak, eguraldi ederra, jende bikaina. Ia 50.000 pertsona.