single

Gregory Porter, Cécile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal eta Zakir Hussain 53. Heineken Jazzaldian izango dira

0

Gregory-Porter-credit-Lolo-Vasco-w-d

Egitarau osoa urtarrilean iragarriko da eta otsailean jarriko dira sarrerak salgai

Badirudi atzo amaitu zela 52. Heineken Jazzaldia –zinez distiratsua, bide batez esanda– eta dagoeneko hemen gara 2018ko uztailaren 25etik 29ra ospatuko den 53. edizioan izango ditugun lehenengo izenekin.

Hasi gaitezen ahotsetatik: iaz egundoko arrakasta bildu zuen Gregory Porter datorkigu berriro, Nat “King” Cole-ren abestietan oinarritutako proiektu berriarekin, orkestra sinfoniko bat lagun duela; beste bi nobedade garrantzitsu ere badatoz, bata, sasoi betean dagoen emakumezko kantari bat, gaztea, desberdina, asmamen eta klase handikoa, Cécile McLorin Salvant; eta bestea, Jacob Collier, harrigarria, hainbat instrumentu jotzen dituena eta berealdiko abeslaria.

Europatik ordezkaritza zabala eta interesgarria dator: Michel Portal, jazzeko euskal musikarien dekanoa; frantziar jazzeko izar berriak: Émile Parisien, saxofoia, Vincent Peirani, eskusoinua, Médéric Collignon, tronpeta eta, batez ere, Tom Ibarra gitarrista, 19 urterekin aurtengo Rising Stars lehiaketa irabazi duena; baita GoGo Penguin britainiarrak ere, jazzeko hirukoaren kontzeptu berriarekin.

Heineken Jazzaldian izango ditugu, halaber, oso hurbilekoak ditugun bi pianista, Iñaki Salvador, Mikel Laboari eskainiko dion omenaldiarekin, haren heriotzaren 10. urteurrena bete den honetan, eta Marco Mezquida balearra, Maurice Ravel-en errepertorioaren birsorkuntza txundigarri batekin.

Libanotik datozen bi musikari paregabek beren azken proiektuak aurkeztuko dizkigute. Alde batetik, Rabih Abou Khalil, out-jotzailea (lautea) eta lan zoragarriak egin dituena jazz garaikideko zenbait musikari nabarmenekin. Bestetik, Frantzian bizi den Naïssam Jalal txirula-jotzailea, edertasun eta indar bakaneko proposamena dakarkiguna, ekialdeko kutsuz blaitutako jazzaren erakusgarri.

Bakanak izango dira, era berean, bi hiruko guztiz erakargarriren emanaldiak: bata, Carla Bley pianistarena, Steve Swallow baxu-jotzailea eta Andy Sheppard britainiar saxofonista lagun dituela; eta hiru erraldoik osatutakoa bestea: Dave Holland baxuan, Chris Potter saxoarekin, eta Zakir Hussain maisua perkusioan.

Baina ez da kontua hor amaitzen. Maila handiko artista gehiago ere izango ditugu: Bruce Barth pianista, Grateful Dead-en musika omenduko duen kontzertu batekin; gitarraren munduko “txundidura” berria, Julian Lage kaliforniarra; kultuko saxofonista bat: Dick Oatts, Víctor de Diego euskalduna tartean duen laukote batekin; eta Endangered Blood taldea, Chris Cheek, Oscar Noriega, Jim Black eta Trevor Dunn-ek osatua.

Inpaktu handiko izen gehiago, 53. Heineken Jazzaldiko egitaraua osatuko dutenak, 2018ko urtarrilean iragarriko dira.

Sarrerak 2018ko otsailean jarriko dira salgai.