single

Heineken Jazzaldiak tamaina txikiagoko edizio bat ospatuko du aurreikusitako egunetan, datorren uztailaren 22tik 26ra

0

Iragarritako egitaraua ezerezean geratu da eta programa berri bat iragarriko da ekainaren amaiera aldera edo uztailaren hasieran.

Orain arte erositako sarrera guztiak itzuliko dira maiatzean zehar.

Osasun sailaren baimena beharko da Jazzaldia ospatzeko.

2019ko abenduan, Donostiako Heineken Jazzaldiak 2020ko uztailaren 22tik 26ra bitartean ospatuko den 55. edizioaren programazio nagusia iragarri zuen. Horretaz gainera, sarrerak salgai jarri zituen abenduaren 19an.

Iragarritako programa hori gauzatzea ezinezkoa da. Ez dago, oraingoz, milaka pertsona doako edota ordainpeko agertokien inguruan biltzerik. Gainera, datozen hilabeteotan, ezinezkoa izango da AEBetatik edo Asiatik etorri beharreko artisten etorrera bermatzea.

Hala eta guztiz ere, ekitaldi publikoa izateko bokazioa duen neurrian, Heineken Jazzaldiak edizio txikiago bat egingo du. Kontzertu kopurua eta edukiera, biak murriztuko lirateke, baina ezaugarri nagusia mantenduz: Trinitate plaza.

Tokiko publikoari eskainitako edizioa izango litzateke; batez ere, tokiko artistak programatuko dira eta, jakina, kontu handiz zaindu beharko dira osasun publikoa babesteko arau guztiak.

Heineken Jazzaldiaren edizio berezi honek izango duen behin betiko programazioa ekainaren azken aldera edo uztailaren lehen egunetan iragarriko da eta, gauzatuko bada, ezinbestekoa izango da Osasun sailaren baimena.

Bien bitartean, orain arte erosi diren sarrera guztiak baliogabetuko dira eta haiei dagokien zenbatekoa itzuli egingo da maiatzean zehar. Internet bidez erosi direnak automatikoki itzuliko dira ordainketa egiteko erabilitako kreditu-txartelera. Leihatilan txartel bidez edo eskudiruarekin erositakoen kasuan, Victoria Eugenia antzokiko leihatila berriro ireki arte itxaron beharko da.