single

Herbie Hancock, Kamasi Washington, Bryan Ferry, The Pretenders, Wayne Shorter, Abdullah Ibrahim-Hugh Masekela, Hiromi, Gregory Porter eta Macy Gray dira 52. Heineken Jazzaldiko izar nagusiak

0

noticia-Wayne-Shorter

Hurrengo uztailaren 20tik 25era, jazzaren Europako hiriburu bihurtuko da Donostia beste behin ere. 52. Heineken Jazzaldiaren programazioan guztiak kabitzen dira: elezaharrak eta izen berriak; erakargarritasun handiko proposamenak eta balio izugarriko aurkikuntzak; jazz klasikoa eta joera berriak; ortodoxia eta eraginak.

Izen batek mila deskribapenek baino gehiago balio duenez, hona hemen hurrengo Jazzaldiaren laburpen bat: Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi eta Abdullah Ibrahim-Hugh Masekela.

Baina ez gaitezen azkarregi joan eta ikus dezagun zer eskaintzen duen agertoki bakoitzak.

Izarrez osatutako egitaraua Trinitate Plazan

Uztailaren 22an, Trinitate Plazako edizio honetako lehenbiziko kontzertuan, saxo tenorraren mito bat entzuteko aukera izango dugu, azken hamarraldiotako lehen mailako saxofonisten artean ibilbide bakana izan duen musikari bat: Charles Lloyd, bere laukote berriarekin. Haren ondoren, egungo jazzeko beste instrumentista handietako bat, John Medeski organo-jotzailea, Mad Skillet laukotearen buruan, New Orleanseko hiru musikari bikain lagun dituela: maila ikaragarriko joaldia.

Uztailaren 23an, aurtengo Jazzaldiko momentu gorenetako bat biziko dugu, jazz garaikideko egungo fenomenoetako bat aurkeztuko baita gure hirian, Kamasi Washington saxofoi-jotzailea, jazzaren munduko protagonista absolutua gaur egun, The Epic izenburuko disko zoragarria argitaratu zuenetik. Eta, emanaldia osatzeko, hamarraldi honetako beste musikari gailenetako bat, Donny McCaslin saxofonista handia.

Hurrengo egunean, lehen aldiz Donostian, musika beltzeko ahots berezi eta zinezkoenetako bat, saio bakoitzean duen guztia ematen duen emakume bat, souleko eta R&Beko gaur egungo euskarri sendoenetakoa: Macy Gray. Aurretik, benetako energia-deskarga bat igoko da agertokira, oso denbora gutxian mundu guztiko entzuleen eta kritikaren arreta erakarri duen talde bat: Lucky Chops.

Amaitzeko, uztailaren 25ean, beste emanaldi paregabe bat. Alde batetik, egungo jazzeko gizonezko-ahots garrantzitsuena, Gregory Porter, estreinako aldiz Trinitate Plazan, 2016ko jazzeko ahozko disko onenaren Grammy saria irabazi berri duena. Eta, saioari hasiera emateko, Jazz Epistles taldea, non afrikar jazzeko bi elezahar elkartu baitziren lehenengo aldiz, Abdullah Ibrahim eta Hugh Masekela. Berriro elkartuko dira talde mitiko haren errepertorio zoragarria ikus-entzuleekin partekatzeko.

Izen handiak Kursaal Auditorioan

Kursaal Auditorioko aretoan, berriz, gisa honetako ziklo batean oso nekez lor daitekeen programazioa aurkituko dugu.

Bost emanaldi, pisu handiko bost izen protagonista direla: uztailaren 21ean hasiko gara saxofoi-jotzaile handien dekanoa ez ezik, jazzaren historiako azken 50 urteotako figura ukaezina izan denarekin; ondare guztiz bakana utzi du Art Blakey edota Miles Davisen alboan, ibilbide musikal paregabea bilbatuz: Wayne Shorter.

Jazzaldi honetako ikus-entzuleak behin baino gehiagotan gogoberotu dituen emakume bat izango dugu hurrengo egunean. Hiromi-k Edmar Castañeda harpa-jotzaile kolonbiarrarekin osatu duen duo ikusgarria aurkeztuko digu, ez dira alferrik birtuosismoa eta musikaltasuna gainezka duten bi instrumentista.

Uztailaren 23an, Robert Glasper-en txanda izango da. Ideia musikal konplexu bezain garaikideak dituen teklista honek Experiment! taldea lagun duela joko du.

Aurtengo Heineken Jazzaldian ikusmin ikaragarriz esperoko den beste une bat uztailaren 24an Herbie Hancock-en boskoteak Kursaal Auditorioan eskainiko duen emanaldia izango da. Hona
boskoteko beste lau kideak: James Genus baxuarekin, Vinnie Collaiuta baterian, Lionel Loueke gitarran, eta new jazzeko izar berria, Terrace Martin saxofoi-jotzailea.

Eta, amaitzeko, abeslari handi bat, Bryan Ferry, pop musikako kantari dotoreenetakoa, bi disko zoragarritan jazzera egindako hurbilpen ederrenetako batzuen protagonista izan zena. Erakargarritasun ukaezineko izen bat, mota guztietako entzuleentzat.

Heineken Agertoki Berdea, gailurrean

Halaxe da, Heineken Agertoki Berdeak, Heineken Jazzaldian ikus-entzule gehien bildu ohi dituenak, gailurrean hasiko du aurtengo programazioa, The Pretenders-ekin hain zuzen. Chrissie Hynde-ren taldearen emanaldia –berriro errepidean disko berri batekin– Jazzaldiaren edizio honetan ikusmin gehien piztuko duenetako bat izango da. Haien ondoren, musika beltzean sekulako etorkizuna duen izen bat: Sir The Baptist. Gospelean hezitako artista da, aita artzain zuen elizan ikasi baitzuen estilo horretan abesten. Hori guztia uztailaren 21ean.

Uztailaren 22an, R&B instrumentala berritzeko duen ahalmenagatik jendea harri eta zur daukan musikari bat izango dugu Heineken Agertoki Berdean, edozein motatako entzuleak gogoberotzeko gai den organista bat: Cory Henry, zeina bi aldiz ikusia baitugu hirian, Snarky Puppy-rekin. Gau berean, programazio honetan dudarik gabe parte hartzea merezi duen tokiko talde bat, Niña Coyote eta Chico Tornadoren indarra eta suhartasuna.

Igandean, Heineken Agertoki Berdeak duela gutxi eman diren Grammyetan blues garaikideko disko onenaren saria irabazi duena aurkeztuko du: Fantastic Negrito. Egun horretan joko du Lucky Chops taldeak ere.

Eta Heineken Agertoki Berdeko programazioa ixteko, uztailaren 24an, astelehena, oso estilo desberdinetako bi emanaldi izango ditugu; lehenik King Creosote, britainiarra, konpositore handia eta sentiberatasun ikaragarriko musiken egilea. Gero, festari amaiera emateko, dantza eta mugimendua, of Montreal taldearekin, zeinak lehen aldia baitu gure hirian.

Europa Victoria Eugenia Antzokian

2016an Europako Kultur Hiriburu izatearen ondorioz aurreko Heineken Jazzaldian eskainitako programazioen emaitza modura, Jazzaldiak europar jazzeko ziklo bat programatu du aurten Victoria Eugenia Antzokian. Egunero, gauerdiz (uztailaren 25ean salbu, gaueko 11etan), europar jazzeko hainbat sortzaile interesgarrik beren lanak erakutsiko dituzte.
Uztailaren 22an hasiko gara, adimen eta sentiberatasun txundigarriko piano saio batekin: Chano Dominguez eta Stefano Bollani italiarra, piano-duo zirraragarri batean.
Hilaren 23an Atmosphères izango dugu, Tigran Hamasyan armeniar pianista handia buru duen talde bat, norvegiar eskolako artista gailenetako batzuk lagun dituela: Arve Henriksen, Jan Bang eta Eivind Aarset.
Uztailaren 24an, astelehena, Lyongo Arfi kolektiboaren sormenak bere aurpegi distiratsuenetako bat erakutsiko du Arfolia Libra taldearen bitartez: alegia, nola fusionatu daitezkeen, modu adimentsuan, barroko aurreko musika eta aipatutako kolektiboko zenbait musikarik lantzen duten “post-free” diziplina.
Marco Mezquida mallorcarrak 12 Points jaialdian hartu zuen parte iaz eta proiektu berri batekin dator Chicuelo gitarra-jotzaile flamenkoa lagun harturik. Europan proiekzio handienetakoa duen musikaria da Mezquida. Lastima litzateke aukera galtzea.

San Telmoko eguerdiak

Ziklo hau izan zen Heineken Jazzaldiaren aurreko edizioan harrera onenetakoa izan zuen berrikuntzetako bat. San Telmo museoko patio estaliko eguerdiko saioek entzule leialak izan zituzten eta programatutako proposamen askotarikoekin gozatzeko aukera izan zuen publikoak. SGAE Fundazioak ziklo hau babesten jarraitzeak kontzertu sail goranahi bat formulatzea ahalbidetzen digu. Bide emango digu, era berean, jazzaren unibertsoko zenbait izar omentzeko, berorien urteurrenak beteko direla baliaturik (Ella Fitzgerald, Thelonious Monk eta Dizzy Gillespie-ren ehungarren urteurrena eta John Coltrane-ren heriotzaren 50.a). Aldi berean, gainera, toki egingo diegu Heineken Jazzaldiaren programazioan, espainiar jazzeko musikari onentsuenei, horietako asko Musikeneko irakasle baitira. Hala, Iñaki Salvadorren laukoteak Thelonious Monk-en musika gogoratuko du; Deborah Carter-en boskoteak, berriz, Ella Fitzgerald-ek abestu zuena; Chris Kase-ren seikoteak Dizzy Gillespie-ren piezak interpretatuko ditu; eta Mikel Anduezaren zazpikoteak gauza bera egingo du John Coltrane-k hain ezagun egin zuen musikarekin. Gainera, harritzekoa ez denez, beren lan propioak ere interpretatuko dituzte.

Zikloa Elena Setien donostiar abeslariak osatuko du, zeinak, urtemuga-ospakizunak alde batera utzirik, bere disko berria aurkeztuko baitu.

Horiek gutxi balira, beste agertoki batzuk  

Aurreko guztiarekin batera, beste agertoki batzuetan (Skoda gunea, Frigo agertokia, Coca-Cola gunea…), jaialdi honetako edo beste zeinahitako agertoki printzipaletan –askotan egiten duten bezala– jarduteko maila duten musikari handiei entzuteko aukera izango dugu: Uri Caine, Ernie Watts, Ray Gelato, Gabacho Maroc, Houston Person, Kevin Mahogany, Rajab Suleiman & Kithara de Zanzíbar, Anna Meredith…

Sarrerak

Otsailaren 23an jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, heinekenjazzaldia.eus, donostiakultura.eus/sarrerak eta kursaal.org web orrien bitartez.
Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan ere erosi ahal izango dira.