single

ISABEL HERGUERA ZINEGILEA DA 56. JAZZALDIKO KARTELAREN EGILEA

0

CARTEL 56 JAZZALDIA web

Donostiako 56. Jazzaldiak, uztailaren 21etik 25era izango denak, badu kartela. Egilea Isabel Herguera da, animaziogile, zuzendari eta produktorea

Izenburua da “Bye Bye Blues”. Artistak berak adierazi duenez: “Kartela pasa berri dugun urte arraro eta mingarriari agur esateko egina da. Aldi berean, Jazzaren historiaren parte izan ziren emakumeei eta orain direnei eskainitako omenaldia da”.

Bye Bye Blues bada, gainera, herri-musikaren eta Jazzaren estandar bat ere. 1925ean Fred Hamm, Dave Bennett, Bert Lown eta Chauncey Gray‑k konposatu bazuten ere, abestia Les Paul eta Mary Ford-en bertsioan igo zen zerrendetan gora 1952an. Urtetan zehar asko izan dira interpretatu duten artistak, baina Isabel Herguerak bi bertsio hauek hartu ditu erreferentzia gisa: Julie London-ena (1957) eta Cab Calloway-ren instrumentala (1940).

Isabel Herguera:

Donostian jaioa da, 1961ean. Ikasketak Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Dusseldorfeko Kunstakademie-n egin zituen, eta prestakuntza osatzeko Kaliforniako Institute of the Arts institutuan izan zen. Hamarkada batez Los Angeleseko animazio-estudio batzuetan aritu zen lanean. 2003an Europara itzuli eta zenbait film labur egin zuen, besteak beste, Annecy, Rotterdam eta Ann Arbor-eko jaialdietan hautatuak.

Hainbat ikastaro eta tailer eman izan du, eta ematen ditu: California Institute of the Arts, Los Angeles; Kubako San Antonio de los Baños Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskola; Central Academy of Fine Arts, Pekin. Irakasle gonbidatua izan zen Indiako National Institute of Design, Ahmedabad-en. Artelekuko Mugimenduzko Irudien Laborategia ere, berak diseinatu eta koordinatu zuen.

Herguerak ospea eta sariak jaso izan ditu bere animazio-lanengatik; horien artean aipa ditzakegu La Gallina Ciega (Animaziozko Film Labur Onenaren Goya Saria 2006), Bajo la Almohada (Unicef saria, Zinebi 2012) eta Amore d’inverno (Euskal Zinemaren Sari Nagusia 2015).

2003tik 2011ra Kataluniako Animazio Zinearen Nazioarteko Erakustaldia zuzendu zuen, Lleidan; sariketa horrek Consell Nacional de la Cultura i de les Arts erakundearen Ikus-entzunezkoen Sari Nazionala jaso zen 2009an.

Gaur egun, Koloniako Kunsthochschule fur Medien-en eskolak ematen ditu, eta aldi berean ari da produzitzen bere lehen film luzea, El sueño de la sultana.