single

John Zorn Heineken Jazzaldira itzuliko da bere Bagatelles Marathon aurkeztera

0

John-Zorn-(photographer-Scott-Irvine)

Hamalau bandak Zornen berrogeita hamar konposizio baino gehiago joko dituzte bi saiotan, 2019ko uztailaren 27 eta 28an, Kursaal Auditorioan

Mary Halvorson, Kris Davis, Marc Ribot, Julian Lage, Dave Douglas, Craig Taborn eta John Medeski daude Bagatelles Marathonen parte hartuko duten hogeita hamar artista handi baino gehiagoren artean

Masada Marathon emanaldia, 2013koa, Bagatelles Marathonen antzeko formatukoa, Jazzaldiaren historiaren gailurretako bat bezala gogoratzen da

John Zorn Donostian izango dugu berriro, Heineken Jazzaldian, 2013an bere Masada Marathonek 48. Jazzaldian lortutako arrakasta itzelaren ondoren. Oraingoan, Bagatelles Marathon dakarkigu, zeina arratsaldeko bi saiotan emango baita, lehena uztailaren 27an eta hurrengo egunean, 28an, bigarrena.

2015eko martxoa eta maiatza artean, John Zornek 300 konposizio berri idatzi zituen eta guztiak The Bagatelles izenburuko musika-liburu batean jaso ziren. Maratoi formatuko kontzertu berezi honetan –bi saiotan zatituko da–, 14 taldek hartuko dute parte John Zornen musika-liburu berri eta luze horretako 50 konposizio baino gehiagoren interpretazioan.

Parte hartuko duten hogeita hamar musikari baino gehiagoren artean izango dira Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen, Trevor Dunn eta Zornen sormen-unibertsoa inork baino hobeto ulertzen duten beste hainbat musikari.

2013ko Masada Marathon hura ia bost orduko etenik gabeko musika emanaldia izan zen, Kursaal Auditorioan. 12 taldek jo zuten, elkarren segidan, eta aurrez aipatu diren musikari gehienak tartean ziren, nahiz eta orain, Bagatelles Marathon honetarako, kalibre handiko zenbait izen gehitu diren, hala nola Mary Halvorson, Julian Lage, Kris Davis, Craig Taborn, Peter Evans edota John Medeski.

Masada Marathon aho batez goraipatu zuten kritikariek eta une historiko bat bizi izanaren sentsazioa esperimentatu zuten han ziren ikus-entzuleek. Askoren iritzian, Jazzaldiaren historiako kontzertu gogoangarrienetako bat izan zen hura.

Bagatelles Marathon ere kontzeptu berberetik abiatzen da, baina oraingoan 14 banda izango dira eta talde bakoitzak 20 eta 25 minutu artean joko du. Horregatik, kontzertua bi saiotan banatzea erabaki da: Kursaal Auditorioan eskainiko da uztailaren 27 eta 28an.

Bagatelles Marathon John Zornen unibertso musikal ia amaigabearen mikrokosmos txundigarri bat dugu. Bertan, bere zirkulu hurbileneko artistek ez ezik, rocketik, jazzetik eta musika klasikotik datozen beste hainbat artista gazte distiratsuk hartzen dute parte, guztiak ere New Yorkeko eszena artistiko zorabiagarriko protagonistak.

Bagatelles Marathonerako sarrerak 2019ko uztailaren 24tik 28ra artean Donostian ospatuko den 54. Heineken Jazzaldiaren egitarau osoa iragartzen den momentuan jarriko dira salgai. Jazzaldiaren antolatzaileak lanean ari dira jada programa horren prestaketan eta 2019ko otsail aldera iragartzea espero da.

 

LEHEN SAIOA (2019ko uztailaren 27an)
(Talde bakoitzaren iraupena: 20-25 minutu)
BIGARREN SAIOA (2019ko uztailaren 28an)
(Talde bakoitzaren iraupena: 20-25 minutu)
MASADA
John Zorn (saxoa)
Dave Douglas (tronpeta)
Greg Cohen (baxua)
Joey Baron (bateria)
NOVA QUARTET
John Medeski (pianoa)
Kenny Wollesen (bibrafonoa)
Trevor Dunn (baxua)
Joey Baron (bateria)
SYLVIE COURVOISIER AND MARK FELDMAN
Mark Feldman (biolina)
Sylvie Courvoisier (pianoa)
GYAN RILEY AND JULIAN LAGE
Gyan Riley (gitarra)
Julian Lage (gitarra)
MARY HALVORSON QUARTET
Mary Halvorson (gitarra)
Miles Okazaki (gitarra)
Drew Gress (baxua)
Tomas Fujiwara (bateria)
BRIAN MARSELLA TRIO
Brian Marsella (pianoa)
Trevor Dunn (baxua)
Kenny Wollesen (bateria)
CRAIG TABORN SOLO
Craig Taborn (pianoa)
IKUE MORI
Ikue Mori (elektronika)
TRIGGER
Will Greene (gitarra)
Simon Hanes (baxua)
Aaron Edgcomb (bateria)
KRIS DAVIS
Kris Davis (pianoa)
Mary Halvorson (gitarra)
Drew Gress (baxua)
Kenny Wollesen (bateria)
ERIK FRIEDLANDER-MIKE NICOLAS DUO
Erik Friedlander (txelo)
Michael Nicolas (txelo)
PETER EVANS SOLO
Peter Evans (tronpeta)
JOHN MEDESKI TRIO
John Medeski (organoa)
Dave Fiuczynski (gitarra)
Calvin Weston (bateria)
ASMODEUS
Marc Ribot (gitarra)
Trevor Dunn (baxua)
Kenny Grohowski (bateria)