single

Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoa da 53. Heineken Jazzaldiko kartelaren egilea

0

Cartel-2018-web(Jose-Luis-Lanzagorta)

Donostian hurrengo uztailaren 25etik 29ra bitartean ospatuko den 53. Heineken Jazzaldiak badu kartela. Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak egin du.

Egileak kontrabaxu baten giderra irudikatu du, hain zuzen, jazzaren unibertsoa hobekien deskribatzen duen instrumentuetako bat: haren siluetak swinga irudikatzen du —erritmoz betetako forma makotu eta iradokitzaile horiekin—, eta, era berean, klasizismoaren dotoretasunari eusten dio.

Aurtengo kartela hautatzeko, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak lehiaketa murriztu bat egin du hainbat diseinatzaile eta artista plastikoren artean, iaz egin zuen bezalaxe.

Jose Luis Lanzagorta

Diseinatzaile grafikoa izanik, Lanzagorta Estudioa sortu zuen, Donostian, 1991n, eta, batez ere, artearen eta kulturaren esparruan lan egiten duten bezeroak ditu. Egin dituen lanen artean nabarmentzekoak dira, batetik, Tabakalera edo Bastero Kulturgunea bezalako arte-zentroetako hainbat erakusketatarako —Badu, bada; Atarian…— sortu dituen irudi grafikoak eta, bestetik, hainbat erakunderentzat —Koldo Mitxelena Kulturunea, Musika Hamabostaldia, Kursaal Fundazioa, Donostia Kultura eta Heineken Jazzaldia, beste batzuen artean— diseinatu dituen argitalpenak.

2014an ekin zion Begiaundi Press proiektuari, esperimentazio eta ikerketa grafikorako tailer bat, prentsa tipografikoan inprimatutako edizio mugatuak ekoiztea xede duena.

Lanzagortak diseinatuak dira, aurretik ere, Heineken Jazzaldiko kartel gogoratuenetako batzuk, zehatzago esanda 1989, 1990, 1999, 2000, 2001, 2002, 2005, 2006, 2007 eta 2008 urteetakoak.

Musikaria ere badenez, hogeitaka urte dira hainbat proiektutan parte hartzen duela, pop donostiarraren barruan: Orquesta Mondragón eta Puskarrako kide sortzaileetakoa izan zen eta, gaur egun, Amateur taldeko kidea da, Amor a Traición eta La Buena Vidako partaide izan ondoren.