single

Kalitate artistiko bikaina eta publikoaren erantzun sutsua aurtengo Jazzaldiaren edizio seguru eta berezian

0

Jorge Pardo - Iñaki Salvador Quartet_Victoria Eugenia Antzokia_55 Jazzaldia002©lolo vasco_55 Jazzaldia

2021eko uztailaren 21etik 25era egingo den Donostiako Jazzaldiaren programazioaren zati handi bat  prest

 

55.Jazzaldia guztiok gogoratuko dugu, eta ez bakarrik bere kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuekin joan garelako, egoera berezi eta zailean, baizik eta baita bere kontzertu ikusgarriengatik, une paregabeengatik eta kalitate orokor bikainagatik ere. Publikoak modu eredugarrian erantzun du egoera honen aurrean, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez. Nabarmendu nahi dugu, halaber, ez dela inolako gorabeherarik izan eta osasun eta segurtasun neurri guztiak uneoro bermatu dituela antolakuntzak eta jarraitu dituela kontzertuetara bertaratutako jendeak.

Aurten, lehen aldiz, hiru Donostiako Jazzaldia Sari eman zaizkie Jazzaren hiru jeniori: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador. Gainera, hirurak izan dira Jazzaldiko eszenatoki nagusietan, Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian, elkarrekin edota euren bandekin kontzertu ahaztezinak ematen.

Aipatutakoekin batera, Espainiako artista eta talde onenen aukeraketa bat ikusi ahal izan dugu. Guztiak ere esker onez aritu dira berriz ere zuzeneko kontzertuak eskaini ahal izan dituztelako eta artez eta kalitate musikalez beteriko une zoragarriak oparitu dizkigute: Chano Domínguez, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Chicuelo, Sílvia Pérez Cruz, Antonio Serrano, Raül Refree Lina portugaldarrarekin batera, Josemi Carmona, Tino di Geraldo…

Maila handiko euskal talde eta artisten kontzertuak ere izan ditugu. Oreka TX eta Michel Portalek kontzertu bana eskaini zuten Trinitate Plazan, eta gainera, inprobisazio bateratu bat utzi ziguten, betiko gogoratuko duguna. Iñaki Salvador donostiarrak bi kontzertu eskaini zituen, bata Kursaalean, Chano Dominguezekin batera, eta bestea Victoria Eugenia Antzokian, Jorge Pardo eta Borja Barrueta bizkaitarrarekin. San Telmo Museoko klaustroan Donostiako bi piano-jotzaile, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz. Eta Jazzaldiaren azken egunean, Victoria Eugenia Antzokian, Joseba Irazoki eta Lagunak.

Bertako taldeen zerrenda osatuz, Kursaaleko Terrazetan euskal artista gazteen 21 kontzertu izan dira, formatu berri batean. Guztira, 21 kontzertu ikusi ahal izan dira, guztiak doakoak eta edukiera kontrolatukoak, zuzeneko musika onaz gozatzen zen bitartean lasai-lasai zerbait hartzeko moduko espazio batean, hori guztia ikuspegi paregabearekin eta Jaialdi osoan zehar izan dugun eguraldi ona lagun.

Kontzertu guztietatik onenetako hiru artista portugaldarren eskutik etorri zaizkigu aurten. Lina, Raül Refree katalanarekin batera Victoria Eugenia Antzokian, Salvador Sobral Kursaalen eta Mariza Trinitate Plazan.

Gainontzeko artistak, batzuk Espainian bizi badira ere, nazioartekoak izan dira, Norvegia, Suedia, Frantzia, Alemania, Serbia, Estatu Batuak: Rymden, Joachim Kühn, Anja Lechner, François Couturier, Bojan Z., Randy Greer (Valentzian bizi da), Sean Clapis (Madrilen bizi da).

Aurtengo nobedade bat streaming bidez eskainitako kontzertuak izan dira, 15 emanaldi guztira, mundu osoko zale ugarik jarraitutakoak, dagoeneko 14.000 bistaratze baino gehiagorekin. Doako zerbitzua izan da, zuzeneko kontzertuetara joaterik izan ez duten guztientzat irekia. Honez gain kontuan hartzekoa da  dagoeneko 34.000 jarraitzaile ditugula gure sare sozialetan.

Txikijazzen zortzigarren edizioak 4 kontzertu eskaini dizkigu, Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazara eta Kursaaleko Terrazetara hurbildu diren familiek asko gozatu eta estimatutakoak.

Azken batean, jazz-zaleen oroitzapenerako jaialdi bat, kontzertuen maila altuagatik eta, kontrako baldintzen aurrean, Jazz zaleek izan duten erantzun ezin hobeagatik.

Jazzaldiak oso aurreratuta dauka 2021erako programa. Ordurako edukierak jatorrizko dimentsioetara itzuliko direlakoan eta baldintzak normalizatuko direlakoan, 2020rako aurreikusitako programaren zati bat berreskuratu egiten da, baina oso izen garrantzitsuak ere gehitzen zaizkio 56. Jazzaldiari.

Herbie Hancock, Gregory Porter, Mulatu Astatke, Yann Tiersen, Brad Mehldau eta Lakecia Benjamin saxofoi jotzaile gaztea, musikari handiak gehitu zaizkio Jazzaldiaren hurrengo edizioari.

Simple Minds, Cecile McLorin-Salvant, Kurt Elling-en proiektu berria Charlie Hunter gitarra jolearekin, Hiromi, Leon Benavente eta Vintage Trouble artista eta taldeek  eutsi diote Covid aurreko garaian iragarritako 2020ko programatik.

John Zornek 2022ra atzeratu du Trinitate plazan egingo duen Masada laukotearen aurkezpena.

Informazio gehiago:

www.jazzaldia.eus