single

Mary Stallings abeslariak ordeztuko du programan Carla Bley pianista

0

Heldutasun artistiko betean dagoen kantari beteranoa da

Carla Bley piano-jotzaileak —53. Heineken Jazzaldiaren programazioan iragarrita zegoen haren emanaldia, uztailaren 27rako, 12:30ean, Victoria Eugenia Antzokian— bertan behera utzi du bere biraren azken zatia eta, hortaz, ezingo du iragarritako kontzertua eskaini.

Haren ordez, leku eta ordu berean, Mary Stallings abeslaria izango dugu, San Frantziskoko bokalista beterano bat, une honetan heldutasun betean dagoena. Hona zer adierazi duen The New York Times–ek duela gutxi: “Stallings da, beharbada, bizirik dagoen jazzeko abeslari onena”.

Carla Bleyrentzat eskuratutako sarrerak baliozkoak dira, automatikoki, Mary Stallingsen kontzerturako, beste ezer egin gabe. Aldiz, dirua itzultzea nahi izanez gero, honako bide hauetatik eska daiteke: Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan (ordutegia: 11:30-13:30 eta 17:00-20:00), 943 48 19 00 telefono-zenbakian edo infojazz@donostia.eus helbide elektronikoan.

Mary-StallingsWEB

 

Mary Stallings (ahotsa), Hervé Sellin (pianoa), Joshua Ginsburg (kontrabaxua), Mario Gonzi (bateria)

Mary Stallings kantari beteranoa adibide ezin hobea da ohartzeko zeinen funtsezkoa den heldutasuna —bai bizitzakoa eta bai artistikoa– abeslari handi bat izateko. Haren swing paregabea, bluesez zamatutako fraseatzea eta interpretazio-dohainak kontuan hartzen badira, erraz ulertzen da zergatik esan duen, duela gutxi, The New York Times–ek “Stallings, beharbada, bizirik dagoen jazzeko abeslari onena” dela. 1950eko hamarraldiaren azkenetarako jaioterri duen San Frantzisko inguruko klubetan abesten hasia zen izen handiko hainbat artistaren taldeekin: Ben Webster, Cal Tjader, Earl Hines edo Wes Montgomery. Gero, Count Basie, Billy Eckstine eta Dizzy Gillespieren orkestretako kide izan zen. Bere izenean argitaratu zituen diskoak pianista handiak lagun zituela grabatu zituen, Monty Alexander eta Geri Allen, kasu. Erretiratuta aldi luze bat eman ondoren, Wynton Marsalis tronpetari prestigiotsuak itzularazi zuen agertokietara. Stallingsek Estatu Batuetako jazzeko tenplu handi guztietan ez ezik —Blue Note, Lincoln Center…—, Monterey edo San Frantziskoko jaialdietan ere abestu du.