single

Miguel Martín, Heineken Jazzaldiko zuzendariak, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jasoko du datorren otsailaren 6an, Malagan

0

Miguel-Martin-6

Ekitaldian izango dira gainerako hogei sarituak, horien artean Ricardo Darín, José Coronado, Gloria Estefan, Rafael Amargo, Pedro Subijana eta “Tomatito”

Miguel Martín Heineken Jazzaldiaren zuzendariak jasoko du, datorren otsailaren 6an, Malagan, Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 23an emandako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina. Ekitaldiaren buru Felipe VI.a erregea izango da eta han izango dira Letizia erregina eta Iñigo Méndez de Vigo, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko ministroa ere.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sari honekin ohoratu zituen, 2016an, kulturaren munduko 21 izen, horien artean José Coronado, Ricardo Darín, Gloria Estefan, Rafael Amargo, Lorenzo Caprile, Pedro Subijana, Helena Pimenta, Leopoldo Zugaza, Magüi Mira, José Fernández Torres “Tomatito” eta Iruñeko Orfeoia.

Miguel Martín Maiz Donostian jaio zen 1956an. Zientzia Fisikoetan lizentziatu ondoren, irakaskuntzan lan egin zuen sei urtez. Kulturarekiko beti izan duen interesak eramanda, Donostiako Centro de Atracción y Turismo zelakoarekin elkarlanean hasi zen, erakundeak sustatutako kultur ekitaldien antolaketan. 22 urte zituela hasi zen Donostiako Jazzaldiarekin lankidetzak egiten, artistak hautatzen zituen batzordeko kide gisa eta produkzioko lanez eta agertokietako errejidore-eginkizunez arduratzen zela. Ordutik hona, Martinen ibilbide profesionala Jazzaldiari lotuta egon da, hiru urteko parentesi labur bat kenduta (1989-1991). Donostia Kulturako Musika Unitateko zuzendari eta Kursaal Eszenako programatzaile ere bada. Plataforma horien bitartez, Miguel Martinek antolatu ditu Donostian azken hamarraldiotan eman diren kontzertu ospetsuenetako batzuk, Bob Dylanek 2006an Zurriolako hondartzan eman zuena barne.

Miguel Martinen zuzendaritzapean, Heineken Jazzaldiak (Jazzaldiaren gaur egungo izen ofiziala) garrantzi handiko hainbat sari jaso ditu kulturaren arloan egindako ekarpena aitortzen diotenak, horien artean SGAE Fundazioaren Musikaren XII. Sarietako Musikaren Zabalkundearen Saria (2008) eta Eusko Jaurlaritzak 2015ean emandako Lehiakortasunaren Turismo Saria.