single

Musikari berriak gehitu dira programara: Christian Scott, Robert Glasper, Terrace Martin, Salvador Sobral, Curtis Stigers

0

Salvador-Sobral-web

Christian Scott, Terrace Martin, Taylor McFerrin, Robert Glasper, Derrick Hodge & Justin Tyson: R + R = NOW

Hau bai dela super-talde garaikidea. Talentu gaztea gainezka. New jazzaren puntakoak ditugu. Robert Glasper ideia musikal konplexuak dituen teklista bat da eta argi eta garbi adierazten ditu Experiment izeneko bere taldearen buruan, zeina, oraingoan, bere proiektu berriaren zerbitzuan jarri baitu: R + R = NOW, hau da, gaurko munduaren egoerari buruzko gogoeta  soziopolitiko eta artistiko bat. Christian Scott tronpetaria moldeak hausten dituen beste gazte bat da; New Orleansen, bere jaioterrian, edan zuen jazzaren iturrietatik, bere estilo propioa garatzeko. Harrokeria puntu horrekin bai jazzeko puristak eta bai hip-hop komunitatekoak erakartzen ditu. Terrace Martin, berriz, momentuko musikaria dugu: saxofonista, konpositore, abeslari, rapero, ekoizle (Kendrick Lamar, Snoop Dog, Busta Rhymes eta Stevie Wonder-ena, esate baterako). Iazko Heineken Jazzaldian ezagutu eta gozatu genuen, Herbie Hancocken boskotean. Taylor McFerrin teklista, DJ eta beatboxerrak bere aita Bobbyren karismaren zati bat heredatu du. Horrek guztiak bloke erritmiko guztiz sendoa eskatzen du atzean. Horretarako daude Derrick Hodge baxu-jotzailea, hip-hop eta r&b kategorietan Grammy sariak irabazi dituena eta Justin Tyson bateria-jotzailea, gaztea izan arren Mos Def eta Esperanza Spalding-ekin esperientzia metatu duena.

Salvador Sobral

Salvador Sobral (ahotsa), Júlio Resende (pianoa, moldaketak), André Rosinha (kontrabaxua), Bruno Pedroso (bateria)

2017ko Eurovisioko jaialdiak beti jazzean aritu izan den abeslari portuges baten sentiberatasun artistiko itzelaren berri izateko aukera eman zigun. Kontinente guztiko ikus-entzuleak txunditu zituen bere arreba Luisak idatzitako Amar pelos dois ez-ohiko abestiarekin, Luisa ere abeslaria eta musikagilea baita. Salvador Sobralek garaipena lortu zuen eta bere ohiko sailera itzuli zen berehala: jazzera. 2016an argitaratu zuen bere banakako lehen diskoa, Excuse Me, Júlio Resende lagun zuela, Portugalgo jazzeko pianista ospetsuena, zeina berarekin izango baita Donostian ere. Bartzelonako Taller de Músics delakoan ikasia, Resenderen musikan bossa novaren, Latinoamerikako herri-musiken eta jazzeko izen historiko handi baten –Sobralek miresmen berezia dion Chet Baker tronpetaria– eraginak antzematen dira.

Curtis Stigers

Curtis Stigers (ahotsa, saxoa), Mathew Fries (pianoa), Cliff Schmitt (baxua), Paul Wells (bateria), John “Scrapper” Sneider (tronpeta)

Une honetako abeslari handietako bat da. Kurt Elling edo Gregory Porter-en mailan koka genezake. Abeslari bikaina ez ezik, saxofoi-jotzaile aparta dugu. Bere pieza propioak idazten ditu, baina, batez ere, jazzeko estandarretan eta jazzerako egokitzen dituen pop eta rockeko piezen interpretazioetan nabarmentzen da. 1991n argitaratu zuen lehen diskoa I Wonder Why abestia barruan zela, eta oso goian egon zen AEBtako eta Erresuma Batuko zerrendetan. Stigers-ek egindako Nick Lowe-ren Peace, Love and Understanding abestiaren bertsioa El guardaespaldas filmaren soinu-bandan jaso zuten. Egin dituen  elkarlanen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Elton John, The Allman Brothers Band, Prince, Joe Cocker eta Eric Claptonekin egin dituenak. Stigers, jatorriz, Boisekoa da (Idaho), non euskal jatorriko kolonia jendetsu bat bizi baita.

Aurreko izen guztiak berretsi dira

Ordainpeko kontzertuen egitaraua itxita geratu da gorago aipatutako azken izenekin.

Lehenago iragarri genuen jada, beste hainbat izarren artean, Gregory Porter, Chick Corea, Cécile McLorin Salvant, Brad Mehldau, Kenny Barron, Carla Bley, Holland/Hussain/Potter, Benny Green, Caetano Veloso, Michel Portal eta Maceo Parker 53. Heineken Jazzaldian izango ditugu.