single

Programa osatzera datoz Marc Ribot, Postmodern Jukebox, Miho Hazama, Marco Mezquida, Joan eta Carles Margarit eta Oreka TX

0

Enrico-Rava

Heineken Jazzaldiaren hurrengo edizioa kalitatearen, berrikuntzaren eta desberdintasunaren aldeko apustua da

Datorren uztailaren 22tik 26ra artean ospatuko da eta ostegun honetan, abenduak 19, jarriko dira sarrerak salgai, Eguberrien atari-atarian

Aurrerapen aipagarriz iragartzen dugu aurten, aurreko urteekin alderatuta, 55. Heineken Jazzaldiko ordainpeko saioen programa osoa. Abenduaren 19an, 11:30ean, jarriko dira salgai Jazzaldiko sarrerak eta abonuak. Ohi bezala, beste hainbat agertokiren artean, Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan, Victoria Eugenia Antzokian eta San Telmo Museoan programatu dira kontzertuak.

Trinitate Plaza

Hor hasi zen guztia; Jazzaldiko agertoki nagusia dugu. Lau emanaldi bikoitz izango dira. Lehenengoan, uztailaren 23an, 21:00etan, europar jazzeko musikari garrantzitsuenetako bat izango dugu, Enrico Rava italiar tronpeta-jotzailea, jazz transalpinoko izar talde baten babespean, instrumentista gazte bikain horiek Rava handiaren itzalean hasi eta garatu baitute beren ibilbidea. Haren ondoren, gaur egungo jazz bokaleko erregina: Cécile McLorin Salvant, bakarra, ahots bikainaren jabea, asmamen ikaragarrikoa eta guztiz orijinala.

Uztailaren 24an, John Zorn-ek –Donostiako Jazzaldia Saria 2019– programa bikoitz esklusibo bat eskainiko digu Jazzaldiarekin duen inplikazioaren erakusgarri: Masada taldea, jazz garaikideko egungo gailur eztabaidaezina, eta Zorn-en laukote berria, New Masada Quartet, Julian Lage gitarrista eta egungo jazzeko izarra barnean dela.
Larunbateko emanaldia –uztailak 25– Marc Ribot handiaren azken (oraingoz) proiektuarekin hasiko da: Songs of Resistance. Ribot benetako idolo bat da Jazzaldi eta hiri honetan. Trinitate Plazan eskainiko duen kontzertua gertakari handia izango da. Haren ostean, proposamen bakan, berritzaile, ikaragarri eta errepikaezin bat: Fire! Orchestra, Mats Gustafson saxofonista eskandinaviarraren mega-proiektua, ederra bezain txundigarria, 13 musikari agertokian, sormen- eta lirismo-dosi ikaragarriak tarteko direla.

Igandean, 26, beste italiar tronpetari handi bat izango dugu lehen emanaldiko protagonista: Paolo Fresu eta bere Devil Quartet. Ondoren, gaurkotasun ikaragarriko proiektu bat, non atzoko eta biharko hainbat arrakasta errepasatzen diren Scott Bradlee instrumentistaren zuzendaritzapean. Esan behar da benetako harribitxi bihurtzen direla haren musikari eta abeslari taldeak interpretatzen dituen titulu guztiak: festa-akabera liluragarria Trinitate Plazarako.

Kursaal Auditorioa

Abdullah Ibrahim gure musikako izarretako bat da; haren sentsibilitate, lirismo, jakinduria eta jeinuak jazzeko elezaharren artean kokatu dute. Beti da albiste ona hura gure hirian izatea. Eta, kasu honetan bezala, bakarka eta bere musikari guztiz emana baldin badator, gozamena bikoitza da. Ostegunean jardungo du, uztailaren 23an. Gau horretan, beste klasiko bat, hau rockekoa: Graham Nash.

Hurrengo egunean, hau ere bakarrik, pianoan, Hiromi: sua, birtuosismoa, gogo-berotasuna, karisma eta alaitasuna. Benetako garailea.

Makaya McCraven bateria-jotzailea –musika orijinala, modernoa, erakargarria eta zoragarria egiten du– larunbatean ariko da, uztailak 25, bere taldearekin.

Kursaal Auditorioko azken emanaldian bi musikari eskerga elkartuko dira, duten prestigioa eta handitasuna kontuan hartuta, jazz-zale orok maitatzen eta errespetatzen baititu: Kenny Barron eta Dave Holland, Johnathan Blake bateria lagun dutela.

Victoria Eugenia Antzokia

Zortzi emanaldi izango ditugu Victoria Eugenia Antzokian, goiz eta arratsalde.
Hasteko, proposamen desberdin bat: duela gutxi Cervantes Saria irabazi duen Joan Margarit-ek eta bere seme Carles Margarit saxofonistak olerki eta jazz emanaldi bat eskainiko dute, eta ez da Joan Margarit-ek Jazzaldian emango duen bakarra izango.

Beste proposamen bitxi eta esklusibo bat aurtengo Jazzaldian: Miho Hazama jazzeko orkestra-zuzendariak –Maria Schneider-en ikasle izateaz gainera, Jazz Instrumentaleko Obra Onenaren egile gisa izendatu dute Grammy sarien azken edizioan– kontzertu esklusibo bat eskainiko du Musikeneko ikasle eta graduatuekin egonaldi batean lan egin ondoren.

Kurt Elling-ek, jarduneko jazzeko gizonezko abeslari onena (eta oraindik karrera luzea duena), duo bat eskainiko digu Danilo Pérez panamar pianista bikainarekin.

Fabrizio Bosso ere italiarra eta berebiziko tronpetaria da: haren laukotea Europako jazz talde txundigarrienetakoa dugu.

Rita Marcotulli eta Dado Moroni, berriz, artista apartak dira. Rita Marcotulli inoiz ikusi gabea genuen Donostian eta bazen ordua. Eta ez gara aspertzen Dado Moroniri entzuten.

Marco Mezquidak omen egingo dio Beethoven handiari Bonnen jaiotako musikariaren 250. urteurrenean. Espainiar jazzeko zutabe sendoenetakoa dugu Marco. Alemaniar jeinuaren musikaz egiten duen interpretazioa aparta bezain zoragarria da.

Beste italiar pianista handi bat, jazzeko, operako edo popeko klasikoak interpretatzen dituenean mota guztietako entzuleak txunditurik uzten dituena, Danilo Rea musikari paregabea dugu.

Beste agertoki batzuk

San Telmo Museoan, uztailaren 23an, Oreka TX-ek bere azken diskoa aurkeztuko du Donostian: Koklea.
Musikari andana dago berretsita, ikus-entzuleentzako agertoki irekietan jardungo dutenak. Berorien datak eta ordutegiak aurrerago iragarriko dira: Simple Minds, Joe Magnarelli, Ezra Collective, Vintage Trouble, North Mississippi Allstars, Sly & Robbie jamaikarrak, Sharon Clark eta 2019ko errebelazio indiea: León Benavente. Ez da gure artean izango, ordea, Taj Mahal, ez baitu hegaldirik hartu nahi Europan egingo duen biran eta hainbat data ezabatu ditu egutegitik, horien artean gurea.

Abonuak

Emanaldi horietarako sarrerak ez ezik, hainbat abonu ere erosi ahalko dira ondorengo agertoki hauetarako: Trinitate Plazako kontzertuak, Kursaal Auditoriokoak (bi modalitate, Graham Nash-en kontzertuarekin edo gabe), Victoria Eugenia Antzokikoak (emanaldi guztiak, edo goizekoak soilik, beste abonu batzuekin bateragarri izateko). Azkenik, beste abonu bat piano hutseko kontzertuetarako: Abdullah Ibrahim, Hiromi, Marcotulli-Moroni eta Danilo Rea.

Hori guztia helbide hauetan: www.heinekenjazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus
Kursaaleko kontzertuetarako, hemen ere erosi ahal izango dira: www.kursaal.eus