single

Rubén Blades, Gary Clark Jr., Mikel Erentxun, Izaro eta Morgan izango dira Heineken Agertoki Berdeko programazio koloretsuaren buru

0

Heineken Agertoki Berdeko programazioak, 53. Heineken Jazzaldiaren barruan, musika-abaniko zabala eskaintzen du, Zurriolako hondartzan kokatutako agertoki jendetsu honetan ohikoa den bezala.

Ruben-BladesWEB

Rubén Blades, saltsaren erregeetako bat, Roberto Delgadok zuzendutako orkestra panamarrarekin dator eta Jazzaldiaren lehen jardunaldiko izarra izango da, uztailaren 25ean, iluntzeko 9etan. Egun horretako gauerdiko kontzertua New Yorkeko Too Many Zooz hiruko moderno eta apurtzailearen kargura izango da. Esan behar da zuzeneko lehergarria dutela eta jarraitzaile asko ari direla biltzen.

Gary Clark Jr. dugu momentuko gitarrista: gaztetasunaren ausardia uztartzen du blues, rock eta souleko hainbat maisuren obraren ezagutzarekin, eta intentsitate ikaragarriko erritmoa lortzen du. Uztailaren 26ko gauerdian joko du. Aurretik, 21:00etan, Izaro euskal abeslaria izango dugu, igoera meteorikoa izaten ari den artista, gero eta entzule gehiagok estimatzen baitu haren sentsibilitate ikaragarria.

Mikel Erentxun gaztelaniaz abestutako pop-rockeko izen funtsezkoetakoa da. Eragin handia izan du Donostia inguruko musikariengan, hala bakarka daraman ibilbidean, nola Duncan Dhuko etapan. Gainera, nazioartean ere karrera luzea darama. Erentxunen kontzertua 27an izango da, gauerdiz. Heineken Agertoki Berdeko programazioa, egun horretan, gaueko 9etan Amateur taldeak emango duen kontzertuarekin osatuko da. Donostiako talde honek bere aurreko proiektuaren –La Buena Vida– espiritu poperoa berreskuratzen du.

Agertoki Berdearen azken egunean ere, uztailaren 28an, galako programa izango dugu. 21:00etan, Morgan, azken urte honetan Espainiako talde errebelazio gisa har daitekeena. Eta gauerdian, Anna Calvi, gora datorren talentu ukaezina, zeinari “PJ Harvey berria” deitzen baitiote.

Agertoki Berdeko emanaldi guztiak doan dira.