single

58 Jazzaldia: Norah Jones, Pat Metheny, Joss Stone, Abdullah Ibrahim, Ben Harper, Enrico Rava, Bill Frisell, Yosuke Yamashita, Kenny Barron, Nubya Garcia, Julian Lage, Ladysmith Black Mambazo, Rocío Márquez & BRONQUIO, David Helbock…

0

Sarrerak eta abonuak salgai agertoki hauetarako: Trinitate plaza, Kursaal Auditorioa, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokia

Urteetan zehar Jazzaldiaren helburuetako bat hauxe izan zen, Norah Jones gure artean Donostian izatea. Amets hori datorren uztailaren 22an ikusi ahal izango dugu gauzatua; abeslariak kontzertu bat emango du Kursaal Auditorioan.

Beteko dugu beste helburu bat hauxe izango da, bi artista britainiar hauez gozatu ahal izatea: Joss Stone abeslaria eta Nubya Garcia saxofonista. Edizio batean baino gehiagotan saiatu gara haiek gure artera ekartzen eta, oraingo honetan, Trinitate plazan arituko dira.

Helburuen zerrenda osatzeko, Ben Harper dugu, lehenengo aldiz arituko dena Jazzaldian, baita Enrico Rava ere, pandemiagatik atzeratu behar izan zuena bere emanaldia eta, azkenean, aurten etorriko zaiguna Donostiako Jazzaldira.

2023ko uztailaren 21etik 25era garatuko den 58 Jazzaldiko ordainpeko kontzertuen programazioa askotarikoa, kalitatekoa, bizitasun handikoa eta zeharo erakargarria da.

Trinitate plaza

Agertoki honetan, Jazzaldiaren enblematikoenean, artista legendarioen eta izar berrien emanaldiak eskainiko dira: Enrico Rava, musikari italiar emergenteen boskote batekin; Abdullah Ibrahim handia eta bere trioa, eta Jazzaldiko bere azken emanaldian miretsita utzi gintuen musikari bat, Bill Frisell, eta bere laukote berria. Bestetik, Trinitate plazan berritasun handiak izango ditugu gainera: Julian Lage gitarrista paregabea, aipatu ditugun Joss Stone eta Nubya Garcia, eta berealdiko teklista David Helbock austriarra, bere azken proiektuarekin: Austrian Syndicate superbanda.

Kursaal Auditorioa

Kenny Barronek, egungo jazz-pianistarik onenak, 80. urtebetetzea ospatuko du Kursaal Auditorioan. Barronekin batera Jazzaldian lehen aldiz parte hartuko duen Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) arituko da.

Norah Jones, programazio honen erakargarri nagusia, uztailaren 22an arituko da. Pianista eta abeslari handiak gure hirian joko duen lehen aldia izango da.

Hilaren 23an Ben Harper izango dugu, blues garaikidearen ordezkari bikainena.

Astelehenean, hilak 24, Jazzaren izen handienetako bat, Pat Metheny, Side Eye proiektuarekin. Bertan Methenyk belaunaldi berriko musikari amerikar nabarmenenetako batzuekin joko du.

Eta, azkenik, uztailaren 25ean, asteartean, Rocío Márquez abeslaria BRONQUIO musikari eta ekoizlearekin, Espainiako panoramako proposamen sortzaile eta zirraragarrienetako bat.

San Telmo Museoa

Gertu dugun 2023. urte hau Euskadi-Japonia urtea izango da. Eta abagune hau dela eta, 58 Jazzaldiak piano ziklo bat programatuko du museoko klaustro zoragarrian, pianista japoniarrei soilik eskainia.

Pianista horietatik guztietatik garrantzitsuena, eta herrialde horretako musikaririk unibertsalenetakoa, Yosuke Yamashita da. Berealdikoa da Jazzaren eszenan duen garrantzia, eta bere ospeak ez du berdinik. Bi kontzertu eskainiko dizkigu: bata pieza estandarrei eta bere konposizioei eskainia; bestea, errepertorio klasikoaz duen ikuspegi berezi bezain zoragarriari eskainia, esaterako: Ravelen Boleroa eta G. Gershwinen Rhapsody In Blue.

Gainerako hiru pianistek, Kento Tsubosakak, Hakuei Kimek, eta gure hirian dagoeneko ezaguna den Eri Yamamotok osatzen dute ziklo bikain eta kalitate goreneko hau.

Victoria Eugenia Antzokia

Salgai daude —nahiz eta parte hartuko duten taldeen hautaketa zehatza ez den apirilera arte ezagutzera emango— berriro ere Donostiako Jazzaldiaren barruan izango dugun JazzEñe zikloko sarrerak. JazzEñeren bederatzigarren edizioa izango da hau, eta bertan, 4 egunez, uztailaren 22tik 25era, SGAE Fundazioak hautatutako 8 artistez gozatu ahal izango dugu, Espainiako Jazza hedatzea eta internazionalizatzea helburu.

Sarrerak eta abonuak

Abenduaren 15etik aurrera, 11:30ean, salgai izango dira sarrerak eta abonuak agertoki hauetan emango diren kontzertuetarako: Trinitate plaza, Kursaal Auditorioa, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokia. Erosketak leihatilan presentzialki nahiz online egin daitezke gure webgunean  (www.jazzaldia.eus) eta Donostia Kulturarenean (www.donostiakultura.eus).

Doako kontzertuen programa

Gaur ordainpeko kontzertuak jarri ditugu salgai, baina oraindik iragartzeke daukagu Jazzaldiaren egitarauaren zati handi bat, dagoeneko aurkeztutakoa bezain garrantzitsua, hain zuzen ere, gure hiria musikaz beteko duten doako kontzertuen programa.

Datozen hilabeteetan sarrera libreko kontzertu horiek guztiak iragarriko ditugu. Kontzertuok agertoki askotan egingo dira: Nauticool, Kursaaleko Terrazak, Keler Gunea… Azken agertoki honek, jendetsuenak, Zurriolako hondartzakoak, Keler izena izango du berriro, eta Keler izango da, aurten ere, Jazzaldiaren babesle nagusia.