Dokumentala

#jazzaldia50, Donostiako Jazzaldiaren historia kontatzen duen dokumentala

Donostiako Jazzaldiak bere 50 urteko historia laburbiltzen du #jazzaldia50 dokumentalean, protagonistetako batzuen lekukotzak eta guztion oroimenean iltzatuta geratu diren hainbat kontzertu zoragarriren irudiak erabiliz.

50 edizio baino gehiagorekin, Jazzaldia estatuko Jazz jaialdi antzinakoena da eta Europako urtetsuenen artean dago. Jazzeko izen handi guztiak, salbuespenik gabe, igaro dira Donostiatik, eta haietako batzuk hainbat aldiz. Horregatik, dokumentala ez da soilik Jazzaldiaren historia, Jazz garaikide osoaren historia baizik.

Morgancrea-k egin du dokumentala eta koprodukzioko partaide dira TVE, Euskal Telebista eta Donostia Kultura; Carlos Rodríguez izan da gidoilari eta zuzendari. 56 minutuko iraupena du.

Dokumentala egiteko, berrogeita hamar elkarrizketa baino gehiago egin dira musikari, sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta jarraitzaileekin eta, kasu askotan, argitaratu gabe zeuden artxibo grafikoak eta ikus-entzunezkoak berreskuratu dira.
#jazzaldia50 lanak dokumentazio iturri askori eskertu behar diogun artxiboko material ugari bildu du. Garrantzizkoenak aipatuko ditugu:

TVEk kontserbatu dituen grabazio zaharrenak 1967koak dira; 1970etik hona, Jazzaldiaren agertoki printzipaletako kontzertu gehienak grabatu ditu.

EiTBren artxibo dokumentalari esker, Jazzaldiaren aurpegi sozial eta tokikoena erretratatu ahal izan da, baita 50 urteotan okupatu izan dituen hainbat espazio eta agertoki ere.

KUTXATEKAk lehen hamarraldietako argazki ondare funtsezkoa kontserbatzen du, haietako asko jada existitzen ez diren egunkarietatik datozenak, La Voz de España eta Unidad, esate baterako.

EL DIARIO VASCOk balio ikaragarriko materiala du bilduta (artikuluak eta argazkiak), ikus-entzunezko medioetan jaso gabekoa den neurrian.

JAZZALDIA. Antolakuntzak berak, xeheki eta kontu handiz bildu du, urte hauetan guztietan, Jazzaldiaren inguruko informazio historiko guztia: programazioa, gertaerak, argazkiak, kartelak…
Elkarrizketak egin zaizkien nazioarteko musikariei dagokienez, nabarmentzekoak dira Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield, Dee Dee Bridgewater, Dave Holland, Toshiko Akiyoshi, Nicholas Payton, Bugge Wesseltoft, Enrico Rava edota Nicholas Payton, bertako Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Mikel Azpiroz, Makala eta Mikel Erentxun ahaztuta utzi gabe.

Dokumentalean agertzen dira, orobat, Jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Río eta Miguel Angel Urrutia), eta hasierako antolatzaileetako batzuk (Imanol Olaizola, Ramón Peironcely, Rafael Aguire Franco, Francette Lafont eta Rafael Briz).

Kazetarien artean, Espainiako komunikabideetako Jazzeko kritikari garrantzitsuenek ematen dute iritzia, bai-eta, Estatu Batuetako, Frantziako eta Norvegiako zenbait medioetako kritikariek ere.

Dokumentala Jazzaldiaren historia egiten lagundu zuten eta jada gurekin ez dauden pertsonei eskainita dago:

Langileak eta kolaboratzaileak

Charo Fernández
Esther Casares
Carola Ciriza
Renato Valeruz
Pedro Lafont
Francisco Antín
Xabier Portugal
Santiago Ugarte

Musika kritikariak

Federico González
Xabier Rekalde
Javier de Cambra
Raúl Mao
Juan Claudio Cifuentes