Jaialdiaren historia

Donostiako Jazzaldia: historia

Donostiako Jazzaldia 1966ko irailaren 10ean abiatu zen eta, gaur egun, Espainiako jazzeko jaialdi antzinakoena ez ezik, Europa osoko urtetsuenen artean dago. Jazzeko nazioarteko musikari handi guztiak igaro dira Jazzalditik azken berrogeita hamar urte pasa hauetan.

Jazzaldiak garrantzi handiko hainbat sari jaso ditu kulturaren garapenean egin duen lanaren aitortza modura: Musika Zabalkundearen Saria, SGAE Fundazioak antolatutako Musika Sarien XII. edizioan (2008); Lehiakortasunari emandako Euskadiko Turismo Saria, Eusko Jaurlaritzak emana (2015); eta 2016ko abenduaren 23an Ministro Kontseiluak emandako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, Miguel Martín Jazzaldiaren zuzendariak jaso zuena. Izendapenean honako hau adierazi zen: Donostiako Jazzaldiak, orain mende erdia bete duenak, genero horretako artista garrantzizkoenak programatu ditu eta nazioarteko erreferentzia bihurtu da.

Prentsa espezializatuak, gaur egun ere, egitarauaren kalitatea eta Jazzaldiak hiriari ematen dion festa-giroa azpimarratzen ditu. Jazzaldiak egun eskaintzen dituen doako kontzertu ugariei esker, 150.000 pertsona baino gehiago biltzen dira, urtero, hiri guztian banaturik dauden Jazzaldiko agertokietara.

Jazz-jaialdia egiteko lehen ideia orduan Centro de Atracción y Turismo (CAT) erakundearen Musika Batzordeko arduraduna zen Imanol Olaizolak izan zuen. 1964ko maiatzean, Count Basiek eta bere Big Bandak Parisko Salle Pleyel-en eman zuten kontzertura joan zen Olaizola eta ikus-entzuleen gogo-berotasuna ikusirik, pentsatu zuen musika hura Donostiara ekarri behar zela. Ramon Peironcely CATeko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari aipatu zion eta hark jazzeko jaialdi proiektu bat sartzea erabaki zuen 1965erako proposatu ziren aktibitateen artean.
Garai hartan, Europako jazz-jaialdi erreferenteak oraindik abian den Frantziako Antibes-Juan les Pins-ekoa, eta Belgikako Comblain-la-Tour-ekoa ziren, zeina etenda egon baitzen 1967 eta 2009 artean.

Ekimenak aurkakotasuna aurkitu zuen hasieran. Jazzaldiaren proiektua ezin izan zen zehaztu 1965ean. 1966an, ordea, baldintzak zertxobait aldekoagoak ziren eta data eta toki egokien bila hasi ziren. Lehenengo asmoa abuztuan egitea izan zen, baina hilabete turistiko horretako aktibitate-egutegia oso betea zegoenez, Kontxako estropadetako bigarren jardunaldiari zegokion asteburua aukeratu zuten. Huraxe izan zen Jazzaldia irailean ospatu den aldi bakarra. Geroztik, beti uztailean izan da.
Jazz-jaialdia non kokatu erabakitzerakoan, burutazio bikaina izan zuten antolatzaileek: Trinitate Enparantza, 1963an hiriko harresien eraisketaren ehungarren urteurrena ospatzeko eraikia, Peña Ganchegui arkitektoak egindako proiektuaren arabera. Alde Zaharraren bihotzean dago eta aire berezia ematen dio plazari inguruan duen guztiak: Berpizkundeko eraikin bat (San Telmo), Andre Mariaren Basilika (XVIII. mendekoa), Urgull mendiaren aldapa malkarrak eta Donostiako alde zaharreko etxebizitza bitxiak.

Trinitate Enparantzak hezurmamitu du urteotan zehar Jazzaldiaren zerizana. Musikariek aho batez goraipatzen dute barrutia, bakarra Europan, eta entzuleak agertokitik hain hurbil egotea.
Jende askorentzat –orduko gazteentzat, batez ere– Jazzaldiaren hasiera askatasun ufada bat izan zen. Frankismoa eta, harekin batera, bai zentsura eta bai jatorri anglo-saxoiko musikekiko –jazza barne– errejimenak zuen atxikimendu eskasa indarrean zeuden artean. Gainera, “gerra hotza” zela eta, Europaren Ekialdea eta Mendebaldea aurrez aurre zeuden. Horregatik, aukera bikaina eskaintzen zuen Jazzaldiak kultura alternatiboak ezagutzeko eta Donostiara etortzen ziren musikari poloniarrak, hungariarrak edo txekiarrak gu bezain europarrak zirela egiaztatzeko.
Hasierako baliabide ekonomiko urriek ezinezkoa egiten zuten lehen mailako artistak ekartzea. Ella Fitzgeralden kontratazioa planteatu zen, baina 900.000 pezeta kostatzen zen ekartzea eta kopuru horrek hirukoiztu egiten zuen aurrekontua, beraz 1975era arte itxaron behar izan zen, Jazzaldia ordurako ongi finkatua zela, Donostian Ellari kantatzen entzuteko.

Orduan, Amateurren Lehiaketaren alde apustu egitea erabaki zen. Hiru urte nahikoa izan zituen Jazzaldiak Europa guztian ospea hartzeko: laugarren ekitaldian (1969) bederatzi herrialdetatik etorritako 28 taldek jo zuten. Iritsi zen une bat hautaketa oso zaila bihurtu zena, ehun banda baino gehiago baitziren parte hartu nahi zutenak.

Donostiako Jazzaldiaren gaur egungo zuzendaria, Miguel Martin, 1978an sartu zen Batzorde Antolatzailean. Garai hartan hasi ziren jazzeko izar handiak etortzen, eta Trinitate Enparantza baino edukiera handiagoko agertokiak bilatu behar izan zituzten. Hala, Jazzaldia, hurrenez hurren, Polikiroldegira eta Belodromora lekualdatu zen, baina 90eko hamarraldiaren hasieran, berriro bere jatorrizko esparrura itzuliko zen.

Ordutik hona, Jazzaldiak festa-giroari eman nahi izan dio indarra eta, urtez urte, jazza hiritarrengana are gehiago hurbiltzen saiatu da. Horretarako, Trinitate Enparantza berreskuratzeaz gainera, Kursaal Auditorioko akustika bikaina baliatu du eta Victoria Eugenia Antzoki berrituaren xarmaz gozatzeko aukera eskaini die ikus-entzuleei. Gainera, doako kontzertu ugari programatzen dira entzuleentzat guztiz egokiak diren agertokietan: Kursaaleko Terrazetan, Zurriolako hondartzan eta Nautikoan. Hiriko hogei gune enblematiko izan dira, momenturen batean, Jazzaldiaren agertoki; horien artean, San Telmo Museoa, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoa, Pasealeku Berria, Chillida-Leku, Basque Culinary Center, Haizearen Orrazia eta Eureka! Zientzia Museoa, Tabakalera, Alderdi Eder, Konstituzio Plaza, …

Musika demokratizatzearen alde egindako apustu horri esker, Jazzaldiak ikus-entzule kopuru ikaragarriak lortu ditu antolatu dituen hainbat kontzertutan: 50.000 Jamie Cullum-en emanaldian (2013), 45.000 Gloria Gaynor-en kontzertuan (2016), 41.000 B.B.King-enean (2011), 20.000 Patti Smith-enean (2010) eta 18.000 Bobby McFerrin-ek Donostiako Orfeoiarekin abestu zuenean (2008). Aurreko aroan, Chick Coreak zeukan errekorra, Belodromoan 14.000 ikus-entzule bildu baitzituen 1981ean.

1994tik aurrera, Donostiako Jazzaldia saria ezarri zen Jazzaldira urtero etortzen diren izar historikoetako bat omentzeko xedearekin. Saria jaso dutenen zerrendan –Doc Cheatham-ek eman zion hasiera 1994an eta, oraingoz 2020an saria jaso zuten Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvadorrek ixten dute. Jazzaren historian izan diren talentu nagusienetako hainbat izen daude jasota sarituen artean.